Haurren arrazismoa, helduen ardura
Bideo entzutetsu bat kaleratu dute Amara Berriko Amak contra el racismo kolektibokoek. Hainbat ikasle agertzen dira panpina zuri eta panpina beltz banaren aurrean, eta galderen bitartez, gizartean existitzen diren aurreiritziak baieztatzen dituzte.

«Existitzen ez denaren kontra ezin da borrokatu». Hori da Amara Berriko Amak contra el racismo kolektiboak pentsatzen duena. Hain zuzen, gure auzoetan arrazakeria dagoela ukatzen dutenei aurre egiteko bideo bat kaleratu dute. Hainbat eskoletako haurrekin egin dute esperimentua, eta, emaitza, espero zuten moduan, harrigarria da. Txiki-txikitatik aurreiritzi arrazistak barneratzen dituzte haurrek, zuriei balio positiboak lotuaz, eta arrazializatuei balio negatiboak.
Haurrak «panpina zuri» eta «panpina beltz» banaren aurrean jarri dituzte, eta galdera mota ezberdinak egin: nor den gaiztoa nor zintzoa, nor argiena, nor den medikua eta nor kale garbitzailea, nor den pobrea eta nor bizi den ondo, nor den bertakoa eta nor kanpokoa… Erantzunetan argi ageri da haurrek ere badituztela aurreiritzi arrazistak.
Esperimentu pedagogikoa
Kenneth eta Mammie Clarkek diseinatutako esperimentuaren erreplika bat egin zuen guraso kolektiboak, 1930eko hamarkadan AEBetan egindako berbera. Ikerketa hark haurren jatorri etnikoari lotutako estereotipoak eta autopertzepzioa azaleratu nahi izan zituen.
Lan honek «hezkuntza helburu» bat du: «Diskriminazioa eragiten duten indarreko aurreiritzi eta estereotipoei buruzko hausnarketa bilatzen du. Euskal gizarte osoarentzako ariketa izatea nahi dute, «ispilu» gisa jokatu dezan.
Gaiaren «konplexutasuna» dela eta, parte hartzen duten haurrenganako «errespetu osoa» eskatu du kolektiboak, «ez baitira kasu isolatuak, gure gizartearen isla baizik». Hain zuzen, hori da landu nahi duten mezua: «Aurreiritziak eta estereotipoak sozialki eta kulturalki eraikitzen dira, eguneroko elkarrizketetan, erakundeetan, filmetan, ipuinetan, hedabideetan, publizitatean, sareetan, jostailuetan, arropetan, eta abar». Proiektua beren seme-alabek bideoan parte hartzeko baimena eman zuten familiako amekin lankidetzan egin zen, arazo hau agerian uzten eta horretaz jabetzen lagun daitekeela ulertuta.
Amak arrazakeriaren kontra
Estefania Quilezek (Amara Berri, 1982) kontatu digu prozesua. Amak contra el racismo kolektiboko kidea da bera. «Amak, gehienak amak garelako, eta contra el racismo, talde mistoa garelako, eta denak barne sentitzeko».
Iaz egin zuten moduan, martxoan zehar tailerrak egin dituzte antzeko bideo batzuekin. Iazko komentario berdinak jaso dituztela-eta, «baieztatu» egin dituzte hainbat joera. Tailerretan parte hartu zuten gurasoek argi ikusi zuten orduan: «Gure seme-alabak arrazistak dira». Ñabardura gehitu du Quilezek: «Ez dira berez arrazistak. Jendartean sozializatzen hasten diren heinean, gero eta talde gehiagotan hartzen dute parte, eta jada botere hierarkia horiek barneratzen dituzte. Ikasten dute nor den besteak baino gehiago, eta nor gutxiago».
Quilezek, beste gurasoek bezala, pentsatzen zuen bere haurrek ez zituztela dinamika horiek izango. Baina haien haurrek «lanketa bat» izan arren, aurreiritzirako joera horiek dituztela baieztatu dute.
Bideoak «harridura» sortu du gurasoen artean, eta baita hezkuntza komunitate osoan ere «aurreiritziak barneratzen dituzte, eta hori ez bada aktiboki lantzen bere horretan geratzen da, eta, ziurrenik, heldutan, jarrera arrazistak izango ditu». Quilezen ustez, hain zuzen, gurasoez gain, kalean, eskolan, kirol taldeetan, hedabideetan eta beste edozein ingurutan jasotzen dituzte joera arrazistak, eta «gurasoen ardura da aktiboki deseraikitzea aurreiritzi horiek guztiak».
Eskoletan «zehar lerro» gisa landu nahi dute kulturartekotasuna eta antirrazismoa. Eta, horretarako, gurasoak antolatzeko deia egin dute: «Guk antolatzeko eredua jarri dugu, eta jada hasi gara beste ikastetxeetatik deiak jasotzen».