Pasealeku Berriko lanak bukatuta, berriz irekiko dute
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gaur arratsaldean, azken ukituak bukatzean, Pasealeku Berria irekiko dute oinezkoentzat eta ibilgailuentzat. Otsailean itxi zuten pasealekua mendi magaleko zati bat eusteko lanak “segurtasunez” egin ahal izateko. Obrak 726.000 euroko kostua izan du, hasiera batean aurreikusitakoa baino %35 garestiagoa.
Pasealeku Berriko eremua hormigoizko horma batek babesten du 2018az geroztik. 2020an, eremu zabalago batean harri gehiago erortzen ari zirenez, babesa 30 metro handitu zen, eta, beraz, ia 100 metro luze da orain horma. Urgulleko mendi hegaletan luizi ugari izan dira, eta horietako batek gazte donostiar bat hil zuen 2013an.
Hormigoizko hormak egonkortzeko 110 ainguraketa jarri dituzte, batzuk 40 tonako kablez eginak, josteko eta mazelari eusteko, eta beste batzuk hegalean metalezko sareari eutsiz, harririk ez erortzeko. Hormaren ondoan pare bat mutiloi jartzea baino ez da falta, eta datozen egunetan iritsiko dira, baina gainerako lanak amaitu direnez, Pasealeku Berria irekitzea erabaki da, aipatutako oinarri horiek joango diren espazio txikia segurtasunagatik hesituz.