'Puta zikinak' eztabaidan: sexua, lana eta mugak gizarte kapitalistan
Eskuin muturra gora doala eta, ez zaizkigu arrotzak egingo aurrerantzean mota guztietako eraso kulturalak. Liburuak begiz jota dituztela gauza jakina da, nazismotik eta frankismotik. Baina kasu honetan, ez da eskuin muturra, eta ez dira liburu marxista-iraultzaileak erasoaren begi-puntu: Juno Macek eta Molly Smithek idatzitako Puta Zikinak liburua baizik.
Katakrak argitaletxeak kaleratuta, martxoan, Baionako Elkarren hainbat ekintzaile abolizionistek eraso egin zioten liburuari. Eztabaidarako liburua zena eztabaidaren erdigunean jarrita, liburuaren aurkezpen berezia antolatu dute Egiako Teila Fabrikan. EHGAMek antolatu du ekitaldia.
Oinarri materialetik eraikia
Egileak sexu langileak dira, eta horrek “oinarri materiala” ematen diote liburuari. Hedoi Etxarte editoreak azaldu du prostituzioari buruz idatzi diren liburu gehienak memoria liburuak direla, edo plano sinbolikoan mugitzen direla, moralaren ingurumarian.
Ez da, beraz, prostituzioa idealizatzeko saiakera bat: “Oso gogorra den mundu baten erretratua egiten du: erasoak, etxegabetzeak, atxiloketak…”. Finean, misoginiaren eta kapitalismoaren kritika egitea delako prostituzioaz hitz egitea. Puta Zikinak “gizarte kapitalistari buruzko liburu bat da”, beraz.
Prostituzioa ulertzeko, sexua eta lana zer den ulertu behar dira. Kategoria estankoak diruditenak –aspalditik dakigu–, kategoria politikoak dira, eta horrela birpentsatzeko gonbidapena egiten dute autoreek: “Sexua beste modu batean pentsatu behar da, sexu-lana beste modu batean pentsatzeko”. Eta hari horretatik tiraka: “Prostituzioa lan gisa ikusten badugu, beste marko bat ezarriko diogu: eskubideen markoa, hain zuzen”.
Bi kategoria funtsezko horietatik harago, bada beste bat Puta Zikinak-en jorratzen dena: mugaren kontzeptua. Herrialdeen arteko mugak dakartzaten desoreka basatiek dakartzatelako emakumeen esplotaziorako baldintza are basatiagoak. Prostituzioaren eztabaida ezin delako Atzerritarren Legearen eztabaidatik aldendu. Abolizionistek, ordea, bakarra dute jomugan.
Zergatik sortzen du horrenbeste haserre?
Etxartek berak onartu du, argitaletxean inoiz izan gabeko eztabaidak izan zituztela liburuaren argitalpenarekin, “pertsonalki” zeharkatzen dituelako: “Galdera asko erantzun behar izan genituen. Adibidez, zer egingo genuke Katakrakeko lankide bat putazalea dela jakingo bagenu? Modu berezian zeharkatzen ditu gure bizitzak eztabaida honek”.
Publikoak parte hartu du eztabaidan, eta, ildo horretan kokatu da mezua: “Gu guztiok zeharkatzen gaitu puta kontzeptuak, txikitatik oso presente izan dugulako”.
Puta estigma eta lan baldintzak
Publikoan zegoen Carolina Clemente, Putxs en lucha kolektiboko kidea. Bere iritziz, bi gakotan laburbiltzen da eztabaida: “Batetik, puta estigma dago, gizarte osoa zeharkatzen duena, eta, bestetik lan baldintzen gaia”.
Eztabaidak banatuta, bat, plano moralean kokatzen da, emakumea bere sexualitatearen jabe izatea ukatzen duen sistema oso baten baitan kokatuz: “Badirudi emakumeak lan sexuala egiteko traumatizatuta egon behar duela, edo disoziatuta, edo bere buruaz jabe ez den egoera mentalean”. Horren atzean dagoena, emakumearen sexualitatearen kontrol sistema bat dela uste du Clementek, eta balio sistema horrek emakume guztiak zeharkatzen dituela.
Puta eta emazte ona txanpon beraren bi aldeak dira, eta horregatik dute emakume abolizionistek horrenbeste biolentzia sexu langileekiko: “Ez diegu guk axola, baizik eta nola eragiten diogun guk haien nortasunari”, gehitu du Clementek. Moral sexuala nola eraikitzen den Euskal Herrian, horra hor, prostituzioari buruzko eztabaidaren gakoetako bat.
Hiriaren mugak
Nazioarteko mugez eta migranteen esplotazioaz gain –sexu lanean eta beste lan guztietan–, “hiriaren barneko mugez” mintzatzen dira Mac eta Smith. Hiriak badituelako prostituziora bideratutako guneak, eta prostituzioa debekatuta dauden guneak.
Hiri baten bilakaera ikusteko, ikus ezazu non dauden prostitutak. “Donostian, akaso, ez al da eraldaketa bat egon zentzu horretan?”, galdetu du publikoko lagun batek. Parte Zaharrean eta Saguesen ohikoa zena, nora joan da? Eta, zergatik?. Ezin da hiri baten bilakaeraz hitz egin, prostituzioaz hitz egin gabe.
Are gehiago, datu harrigarri bat bota du Clementek: “Donostia puta gehien eta putetxe gutxien dituen hiria izanik”. Bada, bai, eztabaidarako gaia.
Lan eta bizi baldintzak jokoan
Prostituzioa hor dago, eta egoten jarraituko du. Afera da nola kudeatu, eta bertan ematen den prekarietate eta biolentzia nola ekidin. Lau eredu juridiko nagusi daude munduan prostituzioa gobernatzeko: Erabat prohibizionista (AEB, Hego Afrika eta Kenya); erabiltzailea zigortzen duena (Suedia, Norvegia, Irlanda eta Kanada); ez duena debekatzen, baina erregularizatu ere ez (Alemania, Herbehereak eta Nevada); eta erabat legalizatuta dagoen Zelanda Berria.
Lehen hiruetan, modu batean edo bestean, sexu langileen kalterako legislatzen da: modu prekarioagoan eta zaurgarriagoan jardun behar dutelako, babesik gabe. Espetxean bukatzeko arriskua izanda ere, jarraitzen du existitzen prostituzioak. Ez al da, bada, zentzuzkoagoa marko legal bat eskaintzea? Indarkeria saihesteko, gutxienez?
Argitaletxearen oharra ekarri du Etxartek eztabaidara: “Prostituzioaz hitz egitea ez da auzi moral bat, errealitate zehatzetik irakurri behar da, Abiadura Handiko Trenaren kontra egonda ere azpiegitura erraldoi hori eraikitzen ari direnen bizitzak defendatu behar diren bezala”.
Eztabaidarako gonbita irekita dago, bada: “Ezin dugu prostituzioaz jardun hitz egin gabe kapitalismoaz eta generoaz, poliziaz, migrazio legeez, mugez, higiezinen jabetzaz, oinarri-oinarrian klase borrokarengatik sexu-lanean aritzen diren emakumeen eta transen zapalkuntzaz aritu gabe. Has dadila eztabaida”.
IRUTXULOKO HITZAk Katakrakekin bat egin du gertatutakoa salatzeko eta proiektua babesteko. Hori dela eta, Juno Mac eta Molly Smith sexu langileek idatzitako liburuaren ale bat zozkatuko dugu gure irakurleen artean. Informazio gehiago hemen.