Zaleekin ospatzeko eguna
Realak ligako azken partida jokatuko du Anoetan, igandean, 18:30ean. Txuri-urdinek jarraitzaileei eskainiko diete Txapeldunen Ligara sailkatu izana.
Bukatzear da Realaren denboraldia, azken urteotako borobilena. Txuri-urdinek laugarren postuan bukatuko dute liga, eta datorren sasoian Txapeldunen Ligan ariko dira. Dena dela, azken partida falta da liga bukatzeko. Igandean, hilaren 4an, Anoetan jokatuko dute Sevillaren aurka (18:30). Europako lorpena zaleei eskaini, eta beste garaipen bat lortzeko eguna izango da. Gainera, Reala utziko duen Asier Illarramendi kapitainari omenaldia egingo dio klubak, partida bukaeran.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko final-laurdenetako kanporaketa erabakitzeko aukera du gaur iluntzean. Lehen bi partidak Galizian irabazi ondoren, Coruñaren kontrako hirugarren neurketa jokatuko dute gaur Illunben, 20:00etan. Irabaziz gero, finalerdietarako sailkatuko dira. Aldiz, galduko balute, laugarren partida igandean izango da, leku berean eta 12:00etan. Kanporaketa gainditzeko ezinbestekoa da hiru partida irabaztea.
Belar hockeyan, Realak ohorezko mailako azken partida jokatuko du igandean Sardineroren zelaian (12:30). Liga irregularra egin dute txuri-urdinek, eten luzea tarteko. Zortzigarren edo zazpigarren postuan bukatu dezakete liga, azken jardunaldiko emaitzen arabera.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 38. jardunaldia
- Reala – Sevilla (igandea, 18:30)
Saskibaloia
ACB ligara igotzeko kanporaketak (final-laurdenak)
- Hirugarren partida: Gipuzkoa Basket – Coruña (gaur, 20:00)
- Laugarren partida: Gipuzkoa Basket – Coruña (igandea, 12:00) * behar izanez gero
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 22. jardunaldia
- Sardinero – Reala (igandea, 12:30)