Auzo seguru baten aldeko manifestazioa egin dute Martuteneko hainbat herritarrek
Eusko Jaurlaritzari hainbatetan eskatu diote Agustindarren eraikinarekin zerbait egiteko. "Ahal bada, erabilera publikokoa izatea", nabarmendu dute.
Martuteneko Barkaiztegi auzunean dagoen Agustindarren ikastetxe zaharrean etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa da eraikina, azken urteotan arazoak sortu dira han lo egiten duten eta Barkaiztegin bizi diren bizilagunen artean. “Segurtasun falta” dagoela salatu dute maiz auzotarrek. Hori dela eta, manifestazio bat egin zuten atzo eguerdian Martutenen.
“Martutene beti izan da auzo batua. Jendea berria adeitasunez eta maitasunez hartu izan dugu. Baina ez ditugu hartuko auzoan bertako jendeari eta auzoari min egitera datozen pertsonak. Ez dugu onartuko beldurtzea, izutzea eta lapurtzea”, adierazi dute auzotarrek. “Gabezia asko eta segurtasunik gabeko auzo bat daukagu, azkenaldiak gertaturikoak direla eta. Ezin gara lasai ibili, ezin ditugu gure familiarrak segurtasunarekin auzoaz gozatu dezaten utzi, beldurra daukagulako”, gaineratu dute.
Eusko Jaurlaritzari hainbatetan eskatu diote Agustindarren eraikinarekin zerbait egiteko. “Ahal bada, erabilera publikokoa izatea”, nabarmendu dute. Gaur egun arte, ez da ezer egin, eta auzotarrek ez daude horrela jarraitzeko prest. Konponbideak nahi dituzte bizi duten egoerari aurre egiteko.