Dulcy Fankam eta Gracia Alonso fitxatu ditu Ibaeta Basketek
Ibaeta Basketek beste bi fitxaketa egin ditu 2023-2024ko denboraldirako: Dulcy Fankam (Nkongsamba, Kamerun, 1999) eta Gracia Alonso de Armiño (Bilbo, 1992).
Fankam pibota da eta 1,93 metroko altuera du. Kamerunen abiatu zuen bere kirol ibilbidea, eta AEBetan jokatu du ondoren hainbat urtez, eta Kamerungo selekzioarekin jokatu ohi du. Azken denboraldian 34 neurketa jokatu ditu, eta, batez beste, 16,5 puntu sartu ditu partida bakoitzeko, 12,3 errebote hartu ditu, zelaiko jaurtiketen %58,6 sartu ditu eta jaurtiketa libreen %72.
Bilbotarrari dagokionez, 16 urterekin egin zuen debuta, Ibarzabalekin. Ondoren, AEBetan ikasi zuen eta hango hainbat taldetan jarraitu zuen bere ibilbidea, ondoren Suediako lehenengo mailan jokatzeko, Mark taldearekin. 2016tik, Espainiako ligetan dabil; hasieran, bigarren mailan aritu zen, eta 2019tik lehenengo mailan, Estudiantesek fitxatu baitzuen urte hartan. Azken denboraldian Zaragozan jokatu du, eta kopa irabazi du. Azken ligan, 33 partida jokatu ditu, eta, batez beste, 3,3 puntu sartu ditu neurketa bakoitzeko, 0,7 asistentzia eman ditu, zelaiko jaurtiketen %40,2 sartu ditu, hirukoen %23,3 eta jaurtiketa librren %77,8.
Zazpi fitxaketa egin ditu dagoeneko klub donostiarrak, Fankamen eta Graciaren aurretik Jewel Tunstull, Becky Massey, Erin Whalen, Alba Prieto eta Lara Gonzalez fitxatu baititu. Bestalde, Yurena Diaz eta Maria España kapitainen kontratuak berritu ditu. Izan ere, hainbat baja izan ditu taldeak hurrengo denboraldirako: Mariam Coulibaly, Joy Adams, Cristina Soriano, Alima Dembele, Nicole Cardaño, Natalia Rodriguez, Claudia Cuic eta Paula Estebas.