Gladys gogoan, beste urte batez
Aurten ere Gladys del Estal omendu dute Donostian, Gladys Enean, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak antolatutako ekitaldi batean. 44 urte pasatu dira guardia zibil batek Tuteran tiro bat jota hil zuenetik, energia nuklearraren eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpenaren testuinguruan.
Aurresku, lore, kanta eta bizikleten artean, kuadrillakoek gogoratu dute lagun aktibo hura. Gogoratu dute haren hilketa erabat zigorrik gabe geratu zela eta hainbeste urte pasatu eta gero oraindik aitortza ofizialik gabe jarraitzen duela.
Baina Gladys gogoratzeko ez ezik ikuspegi ekologistatik gaur egungo egoeraren irakurketa bat egiteko tartea ere izan da. Izan ere, ekainaren 3 hartan Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiek indarrean jarraitzen dutela aldarrikatu dute, “inoiz baino gehiago, gainera”.