Hiriko hainbat kale sei orduz itxiko dituzte, Frantziako Tourrarengatik
Euskal Herritik abiatuko da aurtengo Frantziako Tourra. Uztailaren 1ean hasiko da Bilbon, eta bigarren etapa Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da. Hirugarren etapa, berriz, Amoriebieta-Etxanotik abiatuko da eta Ipar Euskal Herrira iristeko Donostiatik pasako da. Hori dela eta, hiriko zirkulazioan aldaketak eragingo ditu uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Hain zuzen ere, egun horietan Donostiako kale eta gune batzuk sei ordu eta erdiz itxiko dituzte.
Uztailaren 1ean, Zurriola hiribidea itxiko dute 20:00etan, hurrengo eguneko helmugako arkua eta podiuma muntatzeko. Sagues eta Pasealeku Berria bi ordu lehenago, 18:00etan, itxiko dituzte eta uztailaren 2an, 23:00etan, irekiko dituzte berriz.
Uztailaren 2an, Frantziako Tourra 16:57 inguruan iritsiko da Donostiara, Pasaia aldetik. Ibilbidea honakoa izango da: Buenavista etorbidea – Pasaiako portuko zeharbidea – Jose Elosegi alkatearen etorbidea – Ategorrieta – Nafarroa hiribidea – Zurriola hiribidea. Tarte hori 12:00etatik 18:30era itxita egongo da, gutxi gorabehera. Horiez gain, Argentinako Errepublika, Bulebarra, Miramar eta Askatasunaren hiribidea ere itxi egingo dituzte.
Uztailaren 3an, txirrindulariek hiria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dute. Lasterketa Oriotik barrena sartuko da Igeldora, eta Antiguatik, Erdialdetik eta Grosetik igaro ondoren, Pasaiatik irtengo da. Ibilbidea honakoa izango da: Aita Orkolaga – Cristobal Balenziaga – Igeldo pasealekua – Iruña – Zumalakarregi – Satrustegi – Kontxa – Zubieta – Easo – Askatasunaren hiribidea -Hernani – Bulebarra – Erregina Erregeordea – Zurriola hiribidea – Nafarroa hiribidea – Ategorrieta – Jose Elosegi alkatearen hiribidea – Pasaiako portuko zeharbidea – Buenavista etorbidea. Gutxi gorabehera, 10:30etik 17:00ak arte izango dira horiek itxita, Igeldon izan ezik.
Era berean, beste gune batzuk ere itxiko dituzte: Altza – Herrera: Altza pasealekuko biribilgunea – Herrera pasealekua – Peruene kalea. Bidebieta: Nornahi plazako biribilgunea Intxaurrondo: Zubiaurre biribilgunea – Txaparrene eta Mons pasealekua (Zubiaurre alderako desbideraketa) Gros: Euskadi plaza eta Jaialai – Ategorrieta Erdialdea: Foru pasealekua – San Martin Antigua: Europa plazako eta Pio Barojako biribilguneak – Mikelete pasealekua.
Baimenik ez duten ibilgailuek ezingo dute Igeldon sartu, uztailaren 2ko 10:00etatik aurrera. Hala ere, bizilagunek, kanpineko bezeroek eta inguruko hotel eta jatetxeetan erreserba egina dutenek pasatzeko baimena izango dute uztailaren 3ko 10:30ak arte. Ordu horretatik aurrera erabat itxita egongo da ibilgailuentzat.