Noa & The Hell Drinkers donostiarrek irabazi dute Europako blues txapelketa
Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarrak bere ibilbideko mugarri handi bat lortu du asteburu honetan: European Blues Challenge lehiaketa irabazi du. Chorzow hirian (Polonia) izan da Europako blues txapelketa handia, eta talde donostiarra Espainiako Estatuko ordezkaria zen. Hogei bat herrialdetako taldeak lehiatu dira, eta Noa & The Hell Drinkers izan da irabazlea; Soft City norvegiarrak izan dira bigarren –blues eszena oso indartsua dago Norvegian– eta Cinelli Brothers britainiarrak hirugarren.
Txapelketa irabazi izanagatik, nazioarteko jaialdi hauetan joko dute: BB Blues Festival (Portugal), Gothenburg Blues Festival (Suedia), Santa Maria Blues Festival (Portugal), Swing Wespelaar (Belgika), Blues in the Garden (Errumania), Blues in Hell (Norvegia), Lucerne Blues Festival (Suitza) eta Blues Alive Festival (Txekiako Errepublika). Bitxikeria gisa, Noa Egiguren abeslariak zin egin zuen txapelketa irabaziz gero hegazkinetako zerbitzariz jantziko zela, eta hala egin zuen, taldearen Instagram kontuan ikusi ahal izan denez.
Iazko urrian hautatu zuten Noa & The Hell Drinkers estatuko ordezkari gisa. Hautaketa prozesua Bartzelonako Blues Elkarteak koordinatu zuen, eta Aholkularien Kontseiluko kideek bozkatu zuten; bluesaren munduko estatuko hainbat kazetari adituk, dibulgatzailek, jaialdi antolatzailek eta musikari beteranok osatzen dute aipatu kontseilua, eta hamabost talderen artean hautatu zuten banda donostiarra. Txapelketaren harira, IRUTXULOKO HITZAk elkarrizketa zabala egin zion taldeari urtarrilean.
2016tik, agertokiz agertoki
Noa & The Hell Drinkers taldea 2016an sortu zen, Donostian, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers izenarekin, baina izena sinplifikatu zuten gerora, gaur egungoa izateko. 2018ko apirilean, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers diskoa plazaratu zuten, eta Doka Kafe Antzokian aurkeztu zuten. Pandemiaren aurretik, 2019ko abenduan, euren bigarren diskoa argitaratu zuten: Craft Blues. Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan aurkeztu zuten lan hori, 2020ko urtarrilean. Ordutik, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko areto eta jaialdi ugaritan jotzen aritu dira: Hondarribiako blues jaialdian, Bilbokoan, Donostiako Jazzaldian, Tolosandblues jaialdian, Cerdanyolako (Herrialde Katalanak) blues jaialdian, Madrilgo hainbat aretotan, eta abar.
Gaur egun, Paul San Martin Beldarrain pianistak, Manu Gestido Martinez baxu jotzaileak, Noa Egiguren Arretxea abeslariak, Gonzalo Portugal Alvarez gitarristak eta Ibai Ros bateria jotzaileak osatzen dute taldea.