Orkidea basatiak agertu dira aurten ere Donostian
Iaz gertatu zen moduan, orkidea basatiak hazi dira aurten ere Donostian, zehazki, Bizkaia eta Gernikako Arbola pasealekuetan. Iaz, lore horiek babesteko, eremu horietako belar mozketak atzeratu zituzten, eta gauza bera egingo dute orain, “haien hazkuntza eta ugaritzea babesteko”. Horrela, orkideen bizitza zikloa amaitzean moztuko dute belarra. “Neurri garrantzitsua da ikuskizun natural honetaz gozatzeko. Ia beti toki exotikoekin identifikatzen ditugu lore horiek, loradendetan erosten ditugun landareekin, baina orkideak planetako ekosistema ia guztietan daude, eta gure hirian, hainbat lekutan, orkidea basatien espezie ezberdinez goza daiteke”, nabarmendu du Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak.
Orkidea mota bakoitzak intsektu polinizatzaile espezie jakin bat erakartzen du, eta, beraz, garrantzitsuak dira biodibertsitatea mantentzeko. Donostian, espezie hauek agertu dira: Anacamptis pyramidalis, Ophrys apifera, Serapias lingua, Ophrys fusca (oso arraroa hemen, Mediterraneokoa delako), Ophrys sphegodes eta Ophrys speculum. Garmendiak herritarrei eskatu die lore horiek zaintzeko eta errespetatzeko.