Labanak Eskuan sortu dute, Gipuzkoako ostalaritzako langileen defentsarako plataforma berria

Labanak Eskuan plataforma sortu dute LABek eta ESK-k, Gipuzkoako ostalaritzako langileak babesteko eta lan hitzarmenak jasotzen dituen baldintzak bete daitezen exijitzeko. Sektoreko langileek “jasan behar dituzten abusuak” askotarikoak direla diote bi sindikatuek: “Askok eta askok lan-kontraturik gabe egin izan dute lan, legezko lanaldia baino ordu gehiago sartuz, lanaldien arteko hamabi orduko atsedena errespetatu gabe, behar bezala kobratu gabe, etab”.
ESK-k eta LABeek urte hasieran ezagutzera eman zen Senra jatetxeko esplotazio kasua gogoratu dute. Orduan “LAB eta ESK sindikatuak izan ginen egoera hori salatzera irten ginen sindikatu bakarrak eta, oraingo honetan ere, asmo berdinarekin gatoz”
Sindikatuek diotenez, sektore prekarizatua da ostalaritza eta urteetan zehar hitzarmenik ez egon izanak prekaritate hori “betikotu” duela uste dute. 2023ko apirilaren Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmen berria sinatu zuten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek: “Hitzarmen berriagatik poztu arren, jarrera kritikoa ere badugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu Hitzarmen berriak eskaintzen duen arauketa osotasunean aplikatzen dela ziurtatzea; hau da, hitzarmen berriaren sinadura egitate eraginkorra bilakatu nahi dugu”.
Helburu horrekin sortu dute, hain zuzen, Labanak eskuan. LAB eta ESK sindikatuek kudeatuko duten plataforma honen bidez, hitzarmen berriaren aplikazio ezak sorraraz ditzakeen egoera ilegal eta irregularrak salatu nahi dituzte eta, bide batez, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra eskatu nahi dute.
Plataforma honen bitartez, “baliabideak” eskaini nahi dituzte langileek eurengana jotzeko, bai sare sozialen bidez bai eta harremanetarako kontaktuak eskainiz, eta bi sindikatuek modu koordinatuan erantzungo diote heltzen diren salaketei: “Gipuzkoako Ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu”