Donostia hartuko du errugbiak
Ostiralean eta larunbatean jokatuko dira Anoetan Frantziako Top14 ligako finalerdiak.
Futbol denboraldia bukatu berritan, errugbiak hartuko du Anoeta estadioa, hilaren 9an eta 10ean. Baita Donostia ere, jarduera programa zabala antolatu dutelako elkarlanean Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Realak. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua futbol zelaian.
Frantziako Top14 ligako finalerdiei dagokienez, partidak ostiralean eta larunbatean jokatuko dira. Hilaren 9an, Toulouse eta Racing 92 taldeek lehen finalerdia jokatu dute Anoetan, 21:05ean. Dagoeneko sarrerak agortuta daude. Hilaren 10ean, berriz, Stade Rochelais eta Bordeaux Begles taldeak nor baino nor ariko dira 17:00etatik aurrera. Bi irabazleek hilaren 17ko finala jokatuko dute Pariseko Frantzia Estadioan.
Udalak eta Frantziako Errugbi Ligak eskuorri bat egin dute eta sailkatutako lau taldeetako zaleen artean banatu dute, baita sarrera hartu duten pertsonen artean ere, eta gainera, 5.000 ale banatuko dira hiriko hainbat lekutan. Zaletuek bi lekutan bilduko dira bereziki: alde batetik, Anoetako estadioko hegoaldean jarriko den zaleen gunean, eta bestetik, Saguesen jarriko den Village du TOP14 eremuan.
Realarekinlankidetzan estadioaren hegoaldeko eremuak musika jarduerak eta jateko zein edateko salmenta tokiak egongo dira ostiralean eta larunbatean. Ostiralean, zaleen guneak 17:00etan irekiko ditu ateak, eta partida hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da. Behin partida amaituta zaleen gunea berriro irekiko da eta 02:00ak arte egongo da zabalik. Bestalde, larunbatean, jarduerak 11:00etan hasiko dira partida hasi eta ordu erdi arte, eta behin partida amaituta 19:00etan jarduerei berriro ekingo zaie eta gauerdia arte iraungo dute.
Saguesen Bera Bera Errugbi taldeak Basque Beer Festival garagardo azoka antolatu du. Gaur arratsaldean, 18:00etan, zabalduko ditu ateak. Asteazkenean eta ostegunean karpa zabalik egongo da 18:00etatik 00:00etara arte, eta ostiralean eta larunbatean, berriz, 11:00etatik 00:00etara. Gainera, Atletico San Sebastian eta Gipuzkoako eta Euskadiko Errugbi federazioekin batera, hainbat animazio, errubian hasteko tailerrak eta Zurriolako hondartzan 14 eta 16 urtez azpiko partidak antolatuko dira.
Gainera, hiriko hainbat tokitan bi egunei kolorea emango dieten jarduerak antolatu dira, besteak beste, Katalunia plazan, Artzain Onaren inguruan, Easo plazan edo Pio XII.ean. Herri Kirolen erakustaldia, euskal gozoen merkatua, bertsolariak, trikitilariak edo zaleak estadiora lagunduko dituzten txarangak.
Euskarians-Catalunya
Jai jarduerekin batera, Anoetako kirol hirian larunbatean goizean interes handiko bi kirol jarduera antolatu dituzte. 11:00etatik aurrera Karmelo Balda frontoian Jai Alai Music & Drinks festibala antolatu du Jai Alive erakundeak. Helburua da zaleak zesta puntara hurbiltzea.
Bestalde, 12:00etan Anoetako estadio txikian Euskarians eta Catalunya selekzioen arteko partida ikusteko aukera egongo da, Euskadiko Errugbi Federazioak antolatuta. Partida ikusteko, doako gonbidapena hartu beharko da federazioak zaleen gunearen inguruan jarriko duen karpan.