Ekainaren 30era arte aurkeztu daitezke San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission Sarirako hautagaitzak
Zabalik dago San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission XII. Sarirako deialdia, eta ekainaren 30era aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Hiru pertsonek osatuko dute epaimahaia, eta filma grabatu den tokietako balio urbanistiko, paisajistiko, kultural eta sozialak hobekien islatzen dituen lana aukeratu beharko dute. Irabazleak 7.000 euroko saria izango du, eta film luzea ekoizten duen enpresarentzat izango da. Irailaren 27an banatuko da sari hori.
Sarirako proposamenak honako baldintza hauek betetzen dituzten ekoiztetxeek aurkeztu ahal izango dituzte: 2022ko ekainaren 30a baino beranduago ekoiztuak izan diren film luzeak (60 minutu baino gehiagoko iraupena dutenak); euren ekoizpen edo koprodukzioetako zati batzuk lurralde nazionalean garatu dituzten ekoizle nazionalak izatea eta estatuko Film Commission baten kolaborazioa egiaztatua izatea.
Gainera, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek, irailaren 27an bertan, aipamen berezia emango dio 2022an Gipuzkoan fikziozko film luze bat, film labur bat edota telesail bat filmatu duen eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen lankidetza izan duen ikus-entzunezko ekoiztetxe bati. Saria 3.000 eurokoa izango da.