Gorputzen Burujabetzaz hausnartuko du Bilgune Feministak larunbatean Tabakaleran
Gorputzen burujabetzari lotutako hitzaldi eta mahai-inguruak egongo dira, baita film laburrak ere. Jule Goikoetxea, Mijo Lizarzaburu, Mer Gomez eta Tal Madesta izango dira saioetako gidariak, besteak beste.
Euskal Herriko Bilgune Feministak 2022an bete zituen 20 urte, eta urteurrenean sakondutako hausnarketetatik iritsi da Gorputzen Burujabetza I. Topaketa; aurrerago ere gehiago egiteko asmoa azaldu dute.
Ildo horretan sakontzeko elkartuko dira Tabakaleran ekainaren 10ean, eta gorputzaren gaineko hainbat gai jorratzeko aukera izango dute, zenbait aktibista ezagunekin batera. “Bilgune Feministan urteak daramatzagu gorputza erdigunera ekartzen eta gorputzaren politikotasunaz hizketan”, gogorarazi dute antolatzaileek.
Antolatzaileek azpimarratu dute “gorputzen burujabetza” terminoa oso zabala dela, eta pertsona bakoitzaren arabera esanahia aldatu daitekeela, beraz, topaketa hau hasieratzat hartu dute, eta lau zatitan banatu dute eguna. Ondoko hauek izango dira hizlariak eta gaiak: lehen geltokian Jule Goikoetxea eta Mijo Lizarzaburuk eskainiko dute Gorputzak neomaterialismotik mahai-ingurua; bigarren geltokian gorputzen burujabetzari buruz arituko dira Mer Gomez aktibista intersexa eta Tal Madesta aktibista transa, Danele Sarriugartek moderatuta; hirugarren geltokian Lerro arteko gorputz disidenteak mahai-ingurua osatuko dute Eva Perez-Pons, Lizar Begoña eta Elena Olave idazleek; eta azken geltokian beste gorpuztasun batzuk ezagutuko dituzte film laburren bidez, Anaís Córdova-Páezek gidatuta.
Bilgune Feministak jakinarazi du zaintza txokoa eta itzulpen zerbitzua egongo direla topaketan. Jakinarazi dutenez, jada ezin da izena eman plaza guztiak beteta baitaude.