Ozeanoen babeserako konpromisoa sinatu du Donostiak, Arku Atlantikoko gainerako 16 hirirekin batera
Arku Atlantikoko hirien sarea osatzen duten hamazazpi hiri eta metropoli eremuetako alkateek Biarritzeko Gutuna izeneko dokumentua sinatu dute. Sare horren parte da Donostia ere, eta Eneko Goia alkatea eta sarearen egungo presidentea izan da ekitaldian. Bertan, planetaren biodibertsitatea eta airearen kalitatea zaintzeko orduan ozeanoek duten zeregin garrantzitsua azpimarratu dute. “Kutsadurak eta plastikozko hondakinek arriskuan jartzen dute ozeanoen fauna eta flora, izan ere, 1970 eta 2010 urteen artean uraren tenperatura 0,11 gradu igo da hamarkada bakoitzean, eta XX. mendean zehar, uraren maila hamazazpi zentimetro igo da munduan, hau da, 1,7 milimetro urtean, gutxi gorabehera”, azaldu dute.
Hiriek berotegi efektuko gas isurketen %60 baino gehiago ekoizten dute, eta munduko energiaren %78 kontsumitzen dute. Horregatik, gutuna sinatu duten hiriek “garapen jasangarriko ekintzekin jarraitzeko eta haiek hedatzeko eta azkartzeko” konpromisoa berretsi dute. Hala, ozeanoa babesten laguntzeko, hondakinen kudeaketa indartzeko, CO2 isuriak mugatzeko, hiriko mugikortasun eredua eraldatzeko eta etxebizitzak berritzeko neurriak hartuko dituztela adierazi dute, besteak beste. Gainera, ozeanoen babesa lehentasun politikotzat hartuko dutela nabarmendu dute, eta itsasoari buruzko ezagutza eta hezkuntza erraztuko duten ekintzak sustatuko dituztela.
Azkenik, Europako Batzordeak ezarritako Ozeanoaren Misioa ekimenaren bidez, ozeanoen babesarekin lotutako Europako eta nazioarteko eztabaidetan parte aktibo izateko eskaera egin dute, hirien ezagutza espezializatua eta esperientzia eztabaida publikoan integratzeko. Atlantikoko hirien sarearen batzar nagusian, Goiak nabarmendu du klima aldaketaren ondorioak arintzen eta haiei aurre egiten lagunduko duten ekintza eraginkorrak gauzatzeko eta bultzatzeko beharra, “nagusiki, itsasertzeko aldaketei aurre egiteko”. Kostaldeko hiri gisa, Atlantikoko hirien sareko kideek “gidari izateko eta bide berriak irekitzeko duten ardura” nabarmendu du, bai itsasoen kontserbazioan eta itsasoko kutsadura murrizteko neurriak hartzeari dagokionean, baita itsasoarekin lotutako balizko fenomeno kaltegarrien aurrean erakutsi beharreko erresilientziari lotuta ere.