Realak eta Bayer Leverkusenek SPG50 gaixotasunaren tratamendurako dirua biltzeko partida jokatuko dute
Realak jakinarazi duenez, Bayer Leverkusenen aurkako partida bat jokatuko dute uztailean Anoetan, elkartasunezko helburu argi batekin: SPG50 gaixotasun arraroaren tratamendurako dirua biltzea. Xabi Alonso da Bayer Leverkusenen entrenatzailea, beraz, Anoetara itzuliko da jokalari txuri-urdin ohia. Neurketa uztailaren 29an izango da, 18:00etan. “Txuri-urdinen denboraldiaurreko proba zorrotz eta erakargarria izateaz gain, Columbus Fundazioak gaixotasun arraroen arloan egiten duen lanerako dirua biltzea du helburu”, azaldu du klubak.
Gaixotasun neurodegeneratibo bat da SPG50, giharrei eragin ohi diena, eta oso arraroa dena. Hain zuzen ere, munduan 100 bat kasu baino ez daude diagnostikatuta, eta Espainiako Estatuan hiru. Columbus Fundazioak, Elpida Therapeuticsek eta Viralgenek indarrak batu dituzte AEBetan saiakera klinikoa egiten ari diren tratamendu bat garatzeko. 2024ko urtarriletik aurrera, saiakera bat hasiko dute Osakidetzan, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Pediatria Zerbitzuan eta Bio Gipuzkoa osasun ikerketako institutuan.
Saiakera kliniko horretan Espainiako, Alemaniako eta Italiako haurrek parte hartuko dute, Viralgen enpresaren instalazioetan ekoiztutako produktu bartekin. Columbus Fundazioaz gain, Minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteak ekitaldia babestuko du, eta bildutako diruaren zati bat minbizia duten Gipuzkoako adingabeentzako udalekuei laguntzeko erabiliko dute. Horrela, zero lerroa prestatuko dute, nahi duten guztiek, partidara joaten ez direnek ere, ekarpenak egin ahal izan ditzaten. Sarrerak Realaren webgunearen eta Columbus Fundazioaren webgunearen bidez salduko dira.