Kaleratze arriskuan zen Amara Berriko bizilagunarentzat alternatiba topatu dute
Antso Jakituna kaleko 35. eraikinean bizi den 76 urteko Pedro Bosca bizilagunaren etxegabetzea “bertan behera” gelditu dela jakinarazi du Kaleratzeak Stop plataformak, “bizileku irteera” topatu duelako. Gauzak horrela, jakinarazi dute Amara Berriko bizilagunak bere kabuz utziko duela etxea. Alternatiba zein den zehaztu ez duten arren, Donostiako Udalari esker bereziak eman dizkiote, arazoari soluzioa bilatzeko ahaleginetan.
Riberas de Urumea S.L. enpresa da jabea eta demandatzailea, eta Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta Berri eta Inquilinos Azora plataformek Boscaren etxegabetzea bertan behera uzteko exijitu zuten joan den astean. Azaldu zutenez, Riberas del Urumea enpresa jabearen administrazio kontseiluaren akta bat dute, 2016ko abenduan egindakoa. Horren bidez, onartu egin zen Boscaren eskaera, bere etxean bizitzen jarraitzeko. Bosca 1960tik bizi zen bertan, eta bere kontratua “biziartekoa” zen. Gainera, Boscak 2. graduko mendekotasun larria duela jakinarazi zuten, eta “Amarako gizarte zerbitzuek egiaztatuta” dute hori, txosten baten bidez.
Biziarteko kontratu hori etxegabetze demanda baten bidez “bidegabeki” amaitu nahi dutela salatu dute plataformek, eta Boscari ez ziotela ezer jakinarazi: “Egunkaria erostera joan zenean ohartu zen hortaz”, azaldu zuen Boscak. Nabarmendu zutenez, errendatzailearengandik “mota guztietako presioak” jasan ditu, adibidez, berogailua eta ur beroa kenduz hiru urte baino gehiagoz.
Pasa den ostiralean, Boscak enpresari jakinarazi zion urte baterako alokairu kontratuaren ezohiko luzapenari heltzeko asmoa zuela, Etxebizitza Lege berria baliatuta, kontuan hartuta enpresa higiezin askoren jabea dela eta Bosca zaurgarritasun ekonomiko eta sozial berezian dagoela. Halaber, epaitegiari etxegabetzea eteteko agindua emateko eskatu zion, kontratua urtebetez luzatu delako, hau da, 2024ko maiatzaren 26ra arte.