Martuteneko haurren eta nerabeen ongizatea bermatzeko plana
Ia hiru urteko prozesu kolektiboaren ondoren, gaur goizean aurkeztu dute Arantzazuko Ama Ikastolako jolastokian.
Martuteneko tratu onaren aldeko planaren helburua auzoko haurren eta nerabeen ongizatea bermatzea da, “ingurune seguruetan hasi eta hezi ahal izan daitezen”, eta tratu ona auzoaren ezaugarri bat izan dadin. Egitasmoa auzoko haurrekin eta nerabeekin elkarlanean landu dute, prozesu parte hartzaile baten bidez. Plana osorik ikus daiteke hemen.
HeziZerb Elkarteak gidatu du prozesua Trenzas-Educo programaren laguntzarekin. Planaren xehetasunak Iker Alustiza Hezizerb elkarteko kideak, Nagore Zubillagak eta ikastolako hainbat nerabek eman dituzte. “Plangintzaren garapena modu horizontalean eraiki da, auzotar, elkarte eta udaleko hainbat sailetako ordezkarien parte hartzearekin, baina bereziki haur eta nerabeekin batera. Galdetegi ezberdinen bidez, oinarrizko beharren identifikazioa, proposamen bilketa, kezka ezberdinen kontrastea eta horiei konponbidea jartzeko proposamenak zerrendatu dira, lan ildo eta ekintza plan batean”, azaldu du Alustizak.
Zortzi ardatz
Tratu onaren aldeko planak zortzi ardatz ditu, eta bakoitzaren baitan hainbat jarduera eta neurri zehaztu dituzte. Hauek dira zortzi ildoak: haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko bitartekoak martxan jartzea; haur eta nerabeentzako sozializaziorako testuinguru seguruak bermatzea; tratu onerako kultura eta sentsibilizazioa sustatzea auzo mailan; gurasotasun positiboa gauzatzeko guraso eta zaintzaileen gaitze eta formazioa; haur eta nerabeak euren autobabesean ahalduntzea; behategi moduan arituko den auzoko eragileen mahai bat finkatzea; haur eta nerabeentzako arreta programak martxan jartzea; eta sareen eta internet inguruko arriskuen prebentziorako ekintza zehatzen garapena.
Horma irudi koloretsua
Aste honetan, planarekin lotura duen horma irudi handi bat margotzen hasi dira Arantzazuko Ama ikastolako pareta batean, eta biharko bukatzea espero dute. Hain zuzen ere, horma irudiaren aurkezpen ofiziala bihar arratsaldean egingo dute, Udaberri Fest jaialdian.
Garikoitz C. Murua artistak gidaturiko proiektua da, eta lau gazte talde ezberdinekin modu parte hartzailean lantzen ari dira, tratu onaren gaia ardatz hartuta. Ia 40 lagunek hartu dute parte irudiaren kontzeptualizazio eta estetika erabakitzetik margotze lanetaraino. Ikastolako LH6 eta DBH1 ikasturteetako gazteez gain, Gaztelekuko erabiltzaile talde batek eta UBA harrera etxeko beste talde batek parte hartu dute margotze prozesuan.
Elkarlana
Tratu onaren aldeko tokiko planaren lanketa honen “ezaugarri eta arrakastetako bat”, garapenean esku hartu duten askotariko eragileen elkarlana dela nabarmendu du Alustizak. Parte hartu dutenak dira Arantzazuko Ama ikastolako haur eta nerabeak, ikastetxeko irakasle eta langileak, guraso elkartea, Sarroeta auzo elkartea, eta Donostiako Udaleko Partaidetza, Gizarte Zerbitzuak, Gazteria, eta Donostia Kulturako ordezkariak.
Hemendik aurrera, planak jasotzen dituen jarduerak aurrera eramatea izango da helburua. “Horretarako, fase honetan auzo gisa hartutako konpromisoa izango da ardatza, eta bizilagun guztien babesa eta lankidetza ezinbestekoa izango da jardun honetan”, nabarmendu du Alustizak.