Sorginek elkartu dituzte Beldurrezko Astea eta TerrorMolins jaialdia
Indarrak batu dituzte Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta Molins de Reiko TerrorMolins Beldurrezko Zinema Jaialdiak. Sorginak izango dira bi zinemaldien protagonistak urriaren eta azaroaren artean, eta Sorginak-Bruixes leloa aukeratu dute. 24 emakume ilustratzaileren erakusketa bat eta Elisa McCausland eta Diego Salgado autoreen liburu bat daude egitasmo partekatuan.
Honela aurkeztu dute: “Sorginaren figura beldurrezko zinemaren inspirazio iturri izan da bere sorreratik. Dena den, garrantzia berezia hartu du Euskal Herriko eta Kataluniako testuinguruan, non zinemak eta literaturak ikuspegi horren pean esploratu dituzten historia, kultura eta identitatea. Sorgina, bere dimentsio guztietan, beldurrezko zinemaren publikoa liluratzen eta izutzen jarraitzen duen pertsonaia bat da, baina esanahi berri bat ere hartu du azken urteotan, emakumeen ahalduntzearen eta zapalkuntza patriarkal eta erlijiosoaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtuta: The Lords of Salem (2012), The Love Witch (2016) eta Akelarre (2020)”.
‘Akelarre’ ilustratua
Beldurrezko Astean ikusi ahal izango den erakusketetako bat da Bruixes – Sorginak – Brujas. Akelarre ilustratua izenekoa. 24 sorgin biltzen ditu, komikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotutakoak, “gure ametsak eta amesgaiztoak zeharkatzen dituen fikzioaren, literaturaren eta audiobisualaren funtsezko errepresentazio bati ohore egiteko”.
Erakusketa erritual honetan, emakume egile ugari daude, bai euskaldunak (Ane Pikaza, Raquel Alzate, Higinia Garay, Josune Urrutia) bai katalanak (Genie Espinosa, Sandra Uve, Susanna Martin, Nadia Hafid). Hala, beren talentuaren magiarekin, gure historiako pasarte beldurgarri batzuen protagonista den sinbolo baten garrantzia eta erakargarritasuna omentzeko dei egin diegu artista horiei.
Donostiako Beldurrezko Astea urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean egingo da, eta Molins de Reikoa azaroaren 3tik 12ra.