Asteburuetan atea zabalik egotea nahi dute
Parte Zaharreko eguneko zentroak ez ditu Gipuzkoako Aldundiak ezarritako baldintzak betetzen. Matia fundazioak kudeatzen du, eta soilik astelehenetik ostiralera bitarte eskaintzen dute zerbitzua. Konponbide bat lortzeko, adinekoen hainbat familia elkartu dira.
Pandemiaz geroztik, Parte Zaharreko eguneko zentroaren gabeziak azaleratu dira. Ordutegiak murriztu eta plazak gutxitu dituzte, eta hori gutxi balitz, zentroak ez du dagokion zerbitzua bere osotasunean eskaintzen. Izan ere, asteko zazpi egunetan ireki beharko lukete, baina asteburuetan itxi egiten dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa bada ere, Matia fundazioak kudeatzen du, kontzesio baten bidez. Hain zuzen ere, aldundiaren bidez izan dute horren berri zentroa erabiltzen duten senitartekoek.
Iazko urrian, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eta Kaialde elkarteak indarrak batu zituzten eguneko zentroa erabiltzen duten hamazazpi familiekin. Zortzi hilabete inguru daramatzate aurrera eta atzera. Asteburuko zerbitzua lehenbailehen abian jartzeko eskatu diote aldundiari eta Matia fundazioari. Bilera batzuk egin dituzte, baina ez diete irtenbiderik eman. Hau da, Matiak derrigorrez eskaini behar du eguneko zentroaren zerbitzua asteburuetan, baina ez diete zehaztu noiztik aurrera eta nola izango den.
Lide Cortes, Mariasun Bobillo eta Iker Amas Parte Zaharreko bizilagunak dira, eta hiruren amek erabiltzen dute eguneko zentroa. «Haserre» daude, asteburuetako zerbitzua bermatzea «ezinbestekoa» iruditzen zaielako.
«Astelehenetik ostiralera oso gustura joaten dira eguneko zentrora. Larunbatetan eta igandetan askotan ez dakite zer egin, zentroa faltan dutelako», nabarmendu du Cortesek. «Lehen, nire amak ez zuen eguneko zentrora joan nahi, eta orain bere mundua da. Larunbat eta igandetan joan ahal izatea asko eskertuko luke», gaineratu du Amasek. Parte Zaharrekoa asteburuetan irekitzen ez duten eguneko zentro «bakarrenetakoa» dela adierazi du Bobillok: «Gure aitona-amonek ere merezi dute larunbatetan eta igandetan ateak irekitzen dituen eguneko zentro bat».
«Matia da arazoa»
Parte Zaharreko eguneko zentroa 2007an ireki zuen Gipuzkoako Aldundiak, eta betidanik eskaini du zerbitzua astelehenetik ostiralera. Asteburuetan ez irekitzearen ardura Matiarena dela jakinarazi zien aldundiak familiei. «Matia da arazoa. Batez ere, Parte Zaharreko zentroa daraman zuzendaritzarena», dio Bobillok.
«Asteburuetan zerbitzua eskaintzea ekonomikoki ez omen da bideragarria. Ordea, aitzakia horrek ez digu balio eskaintzen dutena zerbitzu sozial bat delako. Beraz, Matiako arduradunek kontuak egin beharko dituzte aldunditik jasotzen duten diru laguntzak asteburuko zerbitzua ere aintzat hartzen duelako», salatu du Amasek.
Matia fundazioak ez die argitu zein izango den asteburuetako ordutegia zerbitzua abian jartzerakoan. Era berean, erabiltzaile kopurua ere ez diete zehaztu. «Astegunetan ordutegia murriztu ondoren, asteburuetan aurreikusten dute eguneko zentroa 10:00etatik 16:30era irekitzea», esan du Cortesek. Esan moduan, astelehenetik ostiralera bitarteko eguneko zentroaren ordutegia ordubete murriztu dute. Orain, 09:00etatik 18:00etara egon daitezke han adineko pertsonak.
Tratu «ezin hobea»
Eguneko zentroaren kudeatzaileekin haserre dauden arren, familiek aitortu dute oso gustura daudela euren senideak zaintzen dituzten langileekin. Jasotzen duten tratua «ezin hobea» dela nabarmendu dute Cortesek, Bobillok eta Amasek: «Oso jatorrak dira eta oso ondo zaintzen dituzte aitona-amonak. Beraiek ere asteburuetako zerbitzua martxan jartzearen aldekoak dira».