Ehiztarien ehiza

Ama, badakizu Espainiako Poliziaren Buruzagitzak konpentsazio jaiegunak eskaini dizkiela Irungo poliziei, uztailaren 1etik aurrera pertsona migratzaileak atxilotzearen truke? Gutako bat atxilo hartzearen truke hiru jaiegun lortuko zituzten; bi atxilo hartuta, lau egun; eta hamar hartuta, bost.
Egun berean jakin da, ama, hainbat ertzain zigortu dituztela erasotutako emakumeak artatzean zuten «praxi txarragatik». Baita ere bikotekide ohiak Gasteizen hil zuen emakumea ez zutela behar bezala babestu poliziek, «erakundeen gaizki-ulertu» bat medio. Hau gutxi ez, eta Hernanin emakume bat etxegabetu dute, bera babestera joan diren herritarrak jipoituz.
Kopeta behar da, ama, soldata igoera nahi dutela orain! «Jusapolizatzen» ari direla sinestarazi nahi digute… Baina ama, polizia beti polizia. Eta Ertzaintza zer esanik ez!
Ama, eta gure kontrako ehizaren kontrako ehiza hasiko bagenu? Liburu batean irakurri zuen hau lagun batek: Itxaropenik gabekoei esker soilik ematen zaigu itxaropena.