Euskadiko traineru txapelketa izango dute jokoan
Igandean jokatuko da Ondarroako estropada eremuan, eta han izango dira Donostiarrako bi ordezkariak eta Donostia Arraun Lagunak.
Gipuzkoako traineru txapelketaren ostean, Euskadikoaren txanda da. Igandean, hilaren 11n, emakumezkoen eta gizonezkoen estropadak jokatuko dira, 11:00etatik aurrera. Emakumezkoetan, Donostiarra –Gipuzkoako txapelduna– eta Donostia Arraun Lagunak –iazko Euskadiko txapelduna– ariko dira beste sei trainerurekin batera: Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Kaiku –Bizkaiko txapelduna–, Deustu eta Ondarroa.
Lehen txandan, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Tolosaldea eta Ondarroa ontziek neurtuko dituzte indarrak. Aldiz, bigarren txandan, Donostiarra, Orio, Kaiku eta Deustu traineruek.
Gizonezkoei dagokienez, Donostiarrak iazko emaitza hobetzea izango du helburu –hirugarren postua lortu zuten–. Gipuzkoako txapelketa ez zuten irabazterik izan, Hondarribiaren atzetik geratu zirelako. Beraz, Euskadiko banderaren bila aterako dira. Bigarren txandan ariko dira Hondarribia, Urdaibai eta Zierbena ontziekin batera. Lehen txanda, berriz, Lapurdi, San Juan, Isuntza eta Santurtzi traineruek osatuko dute.