Hezur eta haragi egiten den poesia
Maiatzean kaleratu zuten Puy Barralek eta Manu Gaignek 'Huesos' diskoa. Barralen poesietatik abiatuta, musika disko bat da. Zaurgarritasunera irekiz, bizitzaz hitz egiten duen liburua da diskoaren oinarria: «Bizirik dagoen pertsona ororentzat komuna dela uste dut». Gazteszenan aurkeztu dute, lagunez inguratuta, eta jendaurrera eraman nahi dute orain. Eta sortzen jarraitu.
Entsegu betean harrapatu ditugu Puy Barral Juez (Ulia, 1981) eta Manu Gaigne Beobide (Parte Zaharra, 1995), Egiako Gazteszenan. Biharamunean aurkeztuko dute euren obra [maiatzaren 27an], eta kolaboratzaileekin ari dira azken probak egiten. Esan beharra dago, luxuzko kolaboratzaileekin: Karlos Aranzegi bateria jolea, Laura Sam poeta, Garazi Navas akordeoi jolea, Garazi Esnaola piano jolea eta Eider Elorza abeslaria. Ez da lehen aldia oholtzara igotzen direna, baina bai Huesos diskoa argitaratu zutenetik. Eta espero dute berezia izatea.
Poesia musikatua egiten du bikoteak. 2021ean hasi zen proiektua. Agua, huesos y poesia liburua aurkezteko. «Argitaratu aurretik Manuri hots egin nion, testuak musikatu nahi nituelako», kontatu du Barralek. Perkusioarekin egin nahi zuen gainera, «liburuak esan nahi zuenarekin bat egiten» zuelako. Gaignek, baietz, eta testuetatik abiatu zuten sormen prozesua. «Hainbat hilabete aritu ginen lanean horretan, testuak moldatzen eta musika topatzen», kontatu du Barralek; «Bi hilabete, hain zuzen» zuzendu du barrezka Gaignek. Hainbat errezitaldi egin ostean, Oiartzungo Mecca estudioan grabatu zuten euren lehen lana.
Bi ahotsen elkarrizketa
«Elkarrizketa bat izatea nahi nuen nik, ez akonpainamendu bat». Batzuetan lortu egiten dela uste dute: «Hitzak musika gisa erabiltzen dira batzuetan; inMOVIL kantan, adibidez». Zuzenean gehiago nabaritzen dela uste dute, beste konexio mota bat sortzen delako: «Elkarrizketa baino, batera goaz».
Testuari laguntzen al dio? «Horretan saiatzen gara. ‘Honek gehitzen al du?’ galdera egiten diogu geure buruei. Eta bi aldeetatik gehitu; hitzetik, zein musika aldetik. Bi hizkuntzak batu behar dira, eta hortik zerbait berria sortu», azaldu du Barralek.
Nahiko irekiak dira, hala ere, kantetako batzuk: «Hasiera bat bai, bukaera bat ere, baina bien bitartean edozein lekutatik pasatu daiteke. Zuzenekoetan askatasun hori edukitzeak emaitza ezberdina izatea ahalbidetzen digu», azaldu du Gaignek.
Espazioan dagoen konexioari ematen dio garrantzia Barralek. «Hasiera eta bukaera bat badaude, baina tartekoa mugimenduan dago». Hain zuzen, elkarrekiko komunikazioa da lan egiteko tresna eraginkorrena Barralen ustez, eta azken urteotan bien artean elkar ikasten eta konplizitatea sortzen eman dutela begi bistakoa da.
Gaixotasunetik, sormenera
Txikitan hasi zen idazten Barral, «barrenak husteko-edo». Duela bost urte, ordea, tronbozitemia esentzial izeneko gaixotasun arraroa diagnostikatu ziotela-eta, etxean denbora luzez egon behar izan zuen eta asko idazten hasi zen, gertatu zenaz eta gertatzen ari zenaz: «Gutxika, testuak lagunekin partekatzen hasi nintzen, eta denbora gehiago eskaintzen». Fuerteventuran bizi zen orduan (Kanaria uharteak, Espainia), eta Donostiara itzultzean, narrazio eta dantza pieza bat egiteko eskatu zioten; hor hasi zen norabide argiagoan lan egiten, eta «eguna horri dedikatzen».
Arte eszenikoari lotuta bizi izan du, beraz, poesia: «Hasieran, agian, istorio bat kontatzea nuen helburu, baina gerora, bai, gerora oholtzara lotzen dut poesia».
Zer kontatu nahi duen galdetuta, isilune bat egin du Barralek, eta, erantzuna: «Zer nahi dudan kontatu? Guztia». «Emozioez hitz egiten dut diskoan: tristuraz, amorruaz eta maitasunarekin duen loturaz, hutsuneaz, egoaz, enkontru erromantikoez, sentsualitateaz, fantasiaz… Bizirik dagoen pertsona ororentzat komuna dela uste dut», kontatu du.
Gaignek gogoeta egin du: «Liburua irakurri nuenean, berdina pentsatu nuen; denari buruz hitz egiten du. Eta iruditzen zait dela zure bizitzaren atea parez pare ireki zenuelako. Zure fantasiak, zure beldurrak… sentimendu guztietara ireki zinen. Ez da liburu bat egunerokotasunari buruz eta beste bat tristurari buruz. Dena batera da, idazten hasi aurreko urte guztietan ernaltzen egon zen liburu bat».
Gaixorik egon zen bi urteak «oso gogorrak» izan ziren, «fisikoki eta mentalki», eta, horregatik, inflexio puntu bat izan ziren Barralentzat: «Zaurgarritasunera ireki nintzen. Hori askatzeko beharra nuen. Eta horrek norbaitentzako balio bazuen, ba ja la ostia da».
Perkusioan txikitatik
Gaigne ere, txikitatik hasi zen musika jotzen. Aita musikaria duenez, etxean instrumentu mordoa izan du beti, eta musika ikastea «naturalki» etorri zaio. Musika ikasteko modu baten gisa ikusten du perkusioa: «Urteak igaro ahala, beste instrumentuak jotzen hasi naiz, eta joan naiz deskubritzen beste mundu batzuk. Batetik, klasikoa, eta bestetik beste mundu moderno hori».
Hain zuzen, musika garaikidearen inguruko master bat egin ostean, lengoaia hori beste eremuetara eramaten asmatzea da bere gogoetako bat: «Musika klasikoa eta tradizioa asko interesatzen zaizkit folklorikoa edo popularra dena, batez ere, baina saiatzen naiz beste buelta bat ematen, berritzeko». Ikasketen bidez teknikak lortu ditu, interprete izateko, baina Gaignek sormenean du jarrita begia; horregatik dabil batetik bestera.
«Nire ikasketak horra bideratzen ari naiz; guk ez genuen ikasi sortzaile izateko, ikasi genuen inteprete izateko. Gaur egun, konturatzen naiz batetik bestera eramaten saiatzen naizela. Adibidez, Mursego, Amorante edo Maite Larburu, demagun, poperoagoak edo eskuragarriagoak diren arren, euren musika formazioaren oinarria argi ikusten da. Hor kokatu nahiko nuke», dio barrez.
Hitza eta musika
Barralekin kolaborazioa hasi zuenean, «hitzaren eta musikaren arteko harremana» ikertzea zen Gaigneren asmoa: «Jakin nahi nuen non eta nola egiten duten bat hitzek eta musikak».
«DisPARA poeman, adibidez, ez dago instrumenturik. Baina Puyk ematen dion erritmoarekin, ia-ia musika da. Neurria hartzen ari gara, eta norabide berriak espero ditugu orain». Konposatzeko modu berriak ari dira ikertzen,
Poesiak geruza asko dituela eta, oraindik poesia batzuk ulertzen ari dela onartu du Gaignek: «Batzuetan zuzenean eta guzti gertatu izan zait!». Testuek «bizitza» duten heinean, esanahia aldatu dezaketela dio Barralek. Eta, are gehiago, «partekatzen dituzunean, beste pertsonarenak dira».
Poesia, ahots goran
Barralek ohartarazi duenez, ezberdina da idaztea eta errezitatzea: «Errezitatzen duzuenean, testua manipulatzen duzu. Irakurtzen duzuenean, zuk zure ahotsa jartzen diozu, zure erritmoa. Baina ahots goran irakurtzen duzuenean, kanporaka ari zara egiten, testua manipulatzen ari zara».
Hain zuzen, idazketa modu berezi bat duela aitortu du: «Beti idazten dut ahots goran. Entzun behar dut, ez soilik ikusi. Eskuz idatzi behar dut. Idaztea eta batera esatea».
2007an, EITBko Sautrela saioan Joxean Artze poetari egindako elkarrizketa batean, poesia ikuskizunen inguruan galdetu zion Hasier Etxeberriak, olerkiez gain, objektuak zein sinboloak erabiltzen zituelako —publikoari banatzen zizkion egur xafletan izkiriatutako poemak, adibidez, Oihana Auhenka-n—. Beste erreminten beharraz galdetuta, Artzek, «hori guztia ere» poesia dela adierazten du: «Poesia ez da hitzetan soilik bukatzen». Esanezina esatea, ikusten ez dena ikusaraztea edo iradokitzea da Artzerentzat poesia. Eta Gabriel Arestiren mailua baina «zertxobait gehiago» dela baieztatzen du.
Entretenimendutik, ikuskizunera
Poesiarako tarte handirik gabeko gizarte batean bizi bagara ere, hau entzuteko moduak aldatzen ari direla uste dute, batez ere aipatzen ari diren ikuskizunetan. Spoken word-aren bidez hasi dira bestelako eredu batzuk erakusten, «eta ez direnak kristoren txapak, jendeak dioen moduan».
Poesia eszenikoa indarra hartzen ari da Barralentzat, baina «jende oso gutxik ezagutzen du». Errezitaldi klasikoetatik, ikuskizun landuagoetara, hamaika dira lantzen ari diren formulak eta artistak; Ingalaterrako Kae Tempest edo Bilboko Laura Sam aipatu dituzte, eredu eta erreferente.
Barral eta Gaigneren ikuskizunetara gerturatzen direnetariko askok onartzen dute «harrituta» geratzen direla, ez dakitelako zer den topatuko dutena ere. «Erritmo aldaketak, indar aldaketak,
Aurreiritzi handiak daude poesiarekiko, bikotearen ustez: «Batzuetan beldurra ematen digu intentsitate handiegia topatuko dugulakoan».
«Azken finean, entretenimendua bilatzen dugu eta horrek ez du denbora gehiegi uzten», kontatzen du Barralek: «Kontzertu hasieran esan ohi dut: hau intentsoa izango da [barrez]. Izan ere, agian ez da momentuan nahi duzuna; norbait eszenatoki gainean, tristurari buruz hitz egiten eta abar». Ordea, kontu handia eduki beharko genuke bi terminoak kontrajartzean: «Noski disfrutatu daitekeela intentsitate handiko emanaldi batean».
Kontrakoa ere badela dio Gaignek: «Espero dutenak kriston bizipen sakona izango dutela, eta, azkenean, ezetz, ikuskizun bat gehiago izan dela eta kito».
Sormena eraldatzeko
Poesia ikuskizun bilakatzen denean, bestelako esanahi batzuk sortzen direla uste du bikoteak, eta hartzen duen bizitza berri horrekin nahi dute egin lan. Sormenaz gain, «zerbait eraldatzea» da bilatzen duena Barralek: «Partekatzeko sortzen dut. Baina baita ere bizitzaren parte delako».
Lan egiteko molde berrien bila dabiltza orain. «Orain lehen aldia da musika sortu dela lehenik, eta horren gainean letra. Estra idazten saiatzen naiz, sobran egon dadin», kontatu du Barralek. Kantugintzaren forma gehiago hartzen ari da akaso lan moldea.
Poetaren eta musikariaren artean, ordea, badago aldea. Musikariak letra aldatuko du, baina poetak zehaztasuna behar du. Maria Zambranok esaten zuen moduan: «Filosofoak hitza eduki nahi du, bere jabe bihurtu. Poeta bere esklaboa da; sakratu bihurtzen da bertan, eta bertan kontsumitu. Hitzetik kanpo ez du existitu nahi». Horregatik, hitzak moldatzeaz Barral arduratzen da, baina musika bien artean egiten dute.
Edonola, hitzez harago, poesia biek egiten dutela esatea ez dago sobran. Artzerengana berriro joz: «Zernahi maitasunez eta gogoz egiten dugunean, guztiok egiten dugu poesia (…). Ongi esana bada, buruan geratzen delako baina ederki esana bada, bihotzeraino sartzen delako».