Horma irudiak dio
Martuteneko Udaberri Festa berreskuratu dute gaur arratsaldean, eta auzoko tratu onaren aldeko plana aurkeztu diete herritarrei.
Martutene auzoan tratu on. Horrela dio Arantzazuko Ama ikastetxeko horma batek. Hedabideen aurrean atzo aurkeztu ondoren, Martuteneko haurren eta nerabeen tratu onaren aldeko tokiko planaren aurkezpen ofiziala egin dute gaur arratsaldean. Auzotarrei eta agintariei ia hiru urteko prozesu kolektiboaren emaitzaren xehetasunak eman dizkiete. Era berean, astean zehar margotu duten horma irudia erakutsi diete.
Hainbat urteren ostean, gaur berreskuratu dute Martuteneko Udaberri Festa. Jendetsua izan da, haurrek eta familiek askotariko jarduerak egin ahal izan dituztelako ikastetxeko jolastokian. Besteak beste, Martu Camp jolasak, bizikletaz ibiltzeko gunea eta mosaikoa. Kantu Kolore taldearen emanaldiak borobildu du jaia.