Bele hegan da, Lide Hernandoren proiektu berria
Lide Hernandok bere proiektu propioa sortu du: Bele. Musika beltza oinarri hartuta, poparen eta elektronikaren artean, Zerua Irabazi kanta eta bideoklipa sareratu ditu.
Denbora zeraman Hernandok proiektua lantzen, IRUTXULOKO HITZA-n bakarlari gisa bere burua ikusten ote zuen galdetuta, honela erantzun zuen 2021eko azaroan: “Ikusten dut, eta aurrerapen bat: ari naiz. Oso-oso hasieran nago. Faltan botatzen dut intimitate hori, lasai sortzearena, presarik gabe, nire kontuak, ez lauren artean erabaki beharrekoak… Ez da izango Liher hastapenetan bezala. Lianne La Havas, Janelle Monae eta R&B modernoa ditut erreferente. Baina ez galdetu noizko, lasai-lasai egin nahi dut eta”.
Liher taldea sortu zuen Hernandok 2005ean kaleratu zuen Arrazoi gutxi, denbora asko E.P.arekin. Handik gutxira, Joshka Natkerekin eta Iñigo Etxarrirekin batera taldea osatu, eta formatua aldatuta, rockaren, stonerraren eta soularen artean, Liherrek soinu propioa garatu zuen, norabide ezberdin batean.
Nolabaiteko “sustraietara itzultzea” izango da beraz bakarkako bide hau Hernandorentzat. Eta oharra utzi du jarraitzaileentzat: lasai, Liherrek bere bidea jarraituko duela, orain arte moduan.
Nitya Lopezek zuzendu du Zurriola Ikastolan grabatutako bideoklip ikusgarria. Bertan, Hernandok garbitzailearen rola antzezten du, energiaz betetako koreografiekin.
Bideo honetan, hain zuzen, proiektuaren esentzia gordetzen dela dirudi: musika beltzaren eta pop elektronikoaren uztarketa, dantzarako indar eta erritmoekin. Hernandok aurreratu duenez, datozen hilabeteetan kanta gehiago prestatuko ditu, eta, aurrera begira, jendaurrean defendatuko ditugu, horretarako prestatzen ari den musikari bandarekin.