Plan Orokorraren diagnostikoaren aurkezpena egingo dute udal batzar aretoan
Donostiako Udalak Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren diagnostikoaren aurkezpena egingo du gaur, 18:00etan, osoko bilkuren aretoan. Hain zuzen ere, aurrerapen dokumentua da herritarrei aurkeztuko dietena.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, Jon Txabarri Hirigintza zuzendariak eta dokumentua idatzi duen lan taldeak parte hartuko dute. Aurrerapen dokumentuan ezarpen orokorrak jasoko dituzte Plan Orokorraren berrikuspena egiteko. Aurreikusita dago Plan Orokor berria legealdi berrian egitea.
Plan Orokorraren berrikuspena epe luzeko prozesu konplexua da. Hainbat fasetan banatuta dago, eta lehenengoa Aurrerapen dokumentua egitea da. Dokumentu horrek diagnostikoa eta proposamena ditu. Diagnostikoa idatzi da Plan Orokorraren bulegoaren lanak eta hiri partaidetzak antolatutako bileretan jasotako ekarpenak kontuan hartuta. Edukia www.donostia.eus webgunean kontsultatu daiteke.
Gaur egun indarrean dagoen Plan Orokorra 2010ean onartu zen. Hamabi urtez indarrean egon ondoren, udalak berrikuspen prozesua martxan jarri zuen hainbat ezarpen eta hirigintza plangintza hiriaren eboluzioari egokitzeko.
Nahiz eta Plan Orokorrak Donostiako egitura fisikoan bakarrik eragina duen (natura ingurunean, gune libreak dituen hiri ingurunean, bideetan eta eraikin publiko eta pribatuetan) garrantzitsua da, izan ere, zuzeneko eragina du hiriaren ekonomia, gizarte eta ingurumen garapenean. Beraz, Donostiako Plan Orokor berriak Donostia nolakoa izan nahi duen ikuspegi orokorra emango du, epe labur, ertain eta luzera.