Alkatea izendatzeko osoko bilkura larunbatean egingo dute
Ekitaldira joan eta zuzenean ikusi nahi duten herritarrek gonbidapena eskatu ahal izango dute 010 telefonora deituta.
Larunbatean, hilaren 17an, Donostiako hurrengo alkatea aukeratzeko osoko bilkura egingo dute udaletxean, 10:30ean. Adin mahaiaren osaketarekin hasiko dute batzarra, eta Juan Carlos Etxezarreta udal idazkariak, Jorge Mota Iglesias (PP) zinegotzi helduenak eta Izar Hernando Ibero (EH Bildu) zinegotzi gazteenak osatuko dute. 27 zinegotzien agiriak egiaztatuko dituzte ondoren, eta guztiek zin egin beharko dute. Horrela, udal korporazioa eratutzat emango dute, eta alkatea hautatzera pasako dira. Okerrik ezean, EAJko Eneko Goia izendatuko dute alkate, hirugarrenez.
Alkatea hautatzeko prozesua honakoa da: zerrendaburu diren, eta hala onartzen duten guztiak izango dira alkategai, eta horietakoren batek hautagaitzari uko eginez gero, zerrendako hurrengoa izango da alkategaia. Hain zuzen ere, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak hautagaitza aurkeztuko duela iragarri zuen pasa den astean.
Zinegotzi guztiek emango dute botoa, era sekretuan eta txartel bidez. Gutxienez hamalau boto lortzen dituena izango da alkate, hori baita legezko gehiengo osoa. Inor ez bada aldeko hamalau botoetara iristen, aldiz, boto gehien dituen hautagaiak jasoko du Donostiako aginte makila.
Udalbatzarra jarraitzeko aukera
Ekitaldira joan eta zuzenean ikusi nahi duten herritarrek gonbidapena eskatu ahal izango dute 010 telefonora deituta –gaurtik ostegunera bitarte–. Erreserba bakoitzean gehienez bi pertsonarentzat lekua hartu ahal izango da. Izen ematea zabalik egongo da aretoa bete arte. Bestalde, eta beste udalbatzarretan egiten den moduan, udalaren Youtube kanaletik zuzenean ikusi ahal izango da.
Gobernu akordioa
EAJ eta PSE-EE datorren legegintzaldirako gobernu akordioa aurkeztuko dute laster. Aste honetan, bilerak egiten ari direla onartu du Eneko Goia alkateak Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Horrela ere, udalbatza osatu aurretik ez da espero akordiorik. Goiak gogorarazi duenez, 2015an eta 2019an alkatea izendatzeko ekitaldiaren ondoren sinatu zuten gobernu akordioa.