Donostiako 128 familiak parte hartu dute Familia Laguna programan
Ongi Etorri Eskolara egitasmoak ekitaldi berezia egin du Donostiako Aquariumean. 2022-2023 ikasturtean Familia Laguna programan parte hartu duten familiei eskerrak eman dizkiete. Donostiako Udaleko Kultur Aniztasun Sailak babesturiko egitasmoa eta programa da.
Ikasturte honetan, 128 familiak parte hartu dute programan. Hain zuzen ere, proiektuan parte hartu duten ikastetxe hauetako familiak izan dira Aquariumeko ekitaldian: Aitor ikastola, Intxaurrondo ikastola, Zuhaizti eskola, Amara Berri eskola, Orixe ikastola eta Jakintza ikastola.
Familia Laguna programak migratutako familiak tokiko familiekin harremanetan jartzen ditu, eskolara egokitzeko prozesuan akonpainamendua eskaintzeko eta Donostiako auzoetan kulturarteko harremanak sustatzeko.
Familiek ikasturtean zehar egindako borondatezko lana eta programari esker eskolan sortu dituzten kulturarteko harremanak nabarmendu dituzte. Orixe ikastolako bi amek, Maialenek eta Carolek, izandako esperientziaren berri eman dute. “Jaso dugun gauzarik aberasgarriena izan da gure haurrek egin duten harreman ona. Kulturartekotasunaren gainetik, oso lagunak egin dira. Datorren ikasturtean programarekin jarraituko dugu”, adierazi du Maialenek. “Oso pozik gaude. Venezuelakoak gara, duela sei-zazpi hilabete etorri ginen, eta oso integratuta sentitzen gara. Asko lagundu digu programak, eta hemengo kultura erakutsi digute”, gaineratu du Carolek.
Aurten programa amaitzen duten familiak omendu dituzte, diplomak emanez, eta ekitaldia bukatzean Aquariuma bisitatu dute.