Oriamendin autokarabanentzako kanpin bat eraikiko dute
Bi urteko epean erabilgarri egotea aurreikusten du udalak, eta hirira etorri ohi diren autokarabanak hara joan ahal izatea espero du Eneko Goia alkateak.
Donostiako Udalak onartu du Oriamendi Berri Grupo enpresari lizentzia ematea Miramongo Goiaztxikiko bidean autokarabanentzako kanpin bat eraikitzeko. 39.787 metro koadroko lursaila da, gaur egun Oriamendi Lorezaintza Zentroko negutegiek okupatzen dutena, eta aparkaleku asfaltatua duena.
Bi urteko epean kanpina eraikina egongo dela aurreikusten du udalak, eta ekipamendu berri honek hiriak behar duen zerbitzua eskainiko duela nabarmendu du Eneko Goia alkateak: “Mota honetako ibilgailuek aparkatzeko erabiltzen dituzten beste gune batzuk liberatzea ahalbidetuko du, zirkulazioa eta aparkalekua modu eraginkorragoan ordenatzea ahalbidetuz. Gainera, ostatu hartzeko aukera jasangarriagoa eta naturan integratuagoa eskainiko du”.
Proiektuak autokarabanentzako lehen mailako kanpina proposatzen du, “erabat berdea, ingurunean integratua, lurzati berdeekin, aisialdirako guneekin eta igerilekuarekin, kokapenaren baldintzak ahalik eta gehien aprobetxatzeko”. Halaber, gutxienez 110 zuhaitz perimetral berri eta hegoaldeko lurzatiaren barruan 74 zuhaitz berri landatzea aurreikusten dute.
Kanpatzeko eremuan, 60 eta 70 metro koadroko 109 partzela sortu dituzte, eta mobile home delakoentzako eremuan, autokarabanarik ez duten erabiltzaileentzako hogei partzela ekipatu sortu dituzte. Gainera, autoentzako hamaika aparkaleku eta autokarabanentzako sei aparkaleku aurreikusi dira, baita 24 bizikletarentzako aparkaleku bat ere.
Kanpinak honako zerbitzu hauek izango ditu: harrera, kafetegia, jatetxea, gimnasioa, aisialdi guneak, gimnasioa, supermerkatua, sendaketa gela, komunak, dutxak, autokarabanak husteko gunea, piknik gunea edo haurrentzako jolasgunea.