Marañon Doktorearen pasealekuak bi noranzko izango ditu, bizilagunek eskatu moduan

Donostiako Udalak Aieteko Marañon Doktorearen pasealekuko antolamendu berria onartu du. Kalearen irisgarritasuna hobetzeko lanak bertan behera utzi zituzten maiatzean, Lantxabe auzo elkarteko bizilagunen kexengatik. Izan ere, Jauregi kalearen eta Goiko Galtzada Berri kaleen artean noranzko bat kentzea aurreikusi zuen udalak.
Zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko dituzte, bizilagunen eskaera aintzat hartuta. Horrekin batera, espaloiaren zabalera murriztuko dute, eta zuhaitz egokiak landatuko dituzte. Aurrekontua, berriz, %8,4 igotzea erabaki du udalak, eta 338.977 eurokoa izango da. Obra irailerako bukatzea espero dute.