Gipuzkoa Basketek bi pausora du ACB liga
ACBra igotzeko Lauko Finala jokatuko du asteburuan Gipuzkoa Basketek. Finalerdietako partida jokatuko dute bihar Burgosen (Espainia), etxeko taldearen aurka (20:30). Aldiz, lehen finalerdiak Palentziak eta Valladolidek neurtuko dituzte indarrak (17:00). Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute etzi, 20:30ean. Irabazlea ACB ligara igoko da.
“Oso hurbil daukagu ACBra igotzeko aukera. Bi pausotara gaude”, adierazi du aste honetan Lolo Encinas entrenatzaileak. Etxeko taldea faboritoa dela aitortu du Encinasek: “Oso onak dira eta askoz hobeto jokatzen ari dira, eta zaletasun ikaragarria dute”. Dena dela, arerioa gainditu ahal izateko gakoak eman ditu. “Defentsan eta errebotean egongo da gakoa, haiek puntuak sartzen dituzten jokalariak dituztelako”.
Gipuzkoako sei jokalarirekin Lauko Finalera joateak “asko motibatzen” du Encinas. Halere, jokalari garrantzitsu baten hutsunea izango dute. Justin Jaworski estatubatuarra ez da partidan izango, egun horretan bertan ezkontzen delako, haren herrialdean.