Ion Aranbururen aldeko elkarretaratze jendetsua egin dute Antiguan
500 lagun inguru elkartu dira Gaskonia plazan Antiguakoak jasandako "eraso faxista" gaitzesteko.
Maiatzaren 27an, talde ultraeskuindar batek Ion Aranburu donostiarrari eraso egin zion Sorian (Espainia). Ordutik, koman dago Burgosko ospitalean. Numantzia eta Cornella futbol taldeen arteko partida hasi aurretik gertatu zen erasoa. Hori salatzeko, Eutsi Ion! lelopean, elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Antiguako Gaskonia plazan.
Aranbururen familiak eta lagunek ohar bat irakurri zuten plazan, eta hark jasandako “eraso faxista antolatua” gaitzetsi zuten:
“Egun horretan, Donostiako lagun batekin batera, Cornellako lankide ohi eta lagun batekin egoteko joan zen Ion Soriara. Behin lagunekin elkartuta, arratsaldeko bostak aldera, futbol zelaiaren inguruan, taberna batera joan zen, trago batzuk hartzera. Tabernan, Soriako jendea zebilen, eta giro ona zen nagusi, baina, seiak pasatxo, Leganeseko eta Orgullo Numantino taldeko ultrek eraso egin zieten lonekin eta bere Donostiako lagunarekin zeudenei eta Soriako eta Cornellako adin guztietako pertsonei, inor bereizi gabe. 70-80 pertsonak egin zuten eraso faxista hori: tabernaren inguruan utzi zituen autobus batetik jaitsi, eta harriak, botilak eta tabernako bertako altzariak jaurti zituzten haurren, helduen eta abarren kontra, inor bereizi gabe.
Ionek erasoa gertatzen ari zen tokitik 100 bat metrora alde egin zuen, baina basaki eraso zioten, lurrean konorte gabe zegoela, eta lurrean zeuden beste batzuei ere erasotzen saiatu ziren.
Soriako, Zaragozako eta Madrilgo ultraeskuineko taldeek antolatu zuten eraso faxista hori. Aurretik, bigantxen ikuskizun batean egonak omen ziren. Soriako bertako ospitalera eraman zuten, oso larri, eta, bere egoera larria zela-eta, koma induzituan sartu zuten, eta Burgosko ospitalera eraman, ZIU mugikor batean. Oraindik koman dago. Komunikabideek eta Polizia Nazionalak arin zauritu zutela esan zuten, eta atestatuan ere horixe jartzen du, baina egoera kritikoan dagoela azpimarratu eta gaitzetsi nahi dugu.
Poliziaren jarduna ere gaitzetsi nahi dugu: desegokia izan zen horrelako kirol ekitaldi baterako, patruila kotxe bat bakarrik jarri zuten eta. Soriako komunikabideak ere gaitzetsi nahi ditugu: gertatutakoa zale taldeen arteko borroka jendetsu bat izan zela justifikatu nahi izan dute, baina ezta inondik ere. Eraso faxista antolatu eta planifikatu bat izan zen; eguna giro onean eta inongo istilurik gabe zihoan.
Azpimarratu nahi dugu eraso faxista horrek ez zuela bereizketarik egin han zeudenen artean; erasotzaileei ez zitzaien inporta jendearen adina edo koloreak, eta lagun batzuk berriz elkartzeko egun huts bat zikindu zuten”.