Otoi eta kopoi

«Bi bandotako herria da hau:/ euskara edo erdara, /ezker-eskubi, Mirri edo Porrotx,/Diario edo Gara, /Atxaga-Sarri, Lete-Laboa (…)», abesten zuten Bi bala taldekoek: «Euskal Herria batzen du, soilik, elkar ezin ikusiak».
Hezkuntzaren eztabaidak euskaldunongan sortu du urteetan elkar ezin ikusi galanta. Erdaldunak, pozik, euskal eskola publikoak apur bat euskalduntzea lortzen duelako, baina ez gehiegi. Eta sare pribatuak, zer esanik ez; edo euskaldunduta datoz etxetik, edo hitz-erdi ere ez dute egingo aurrerantzean, Jainkoaren izenean.
Urte lepo igarota, akordio beharra etorri da, etorkizuneko natalitate tasa baxuek itunpekoetan sortzen duten beldurren ondorio, besteak beste. Eta norberak atera ditu bere armak, bere mugimenduak, bere jokoak. Eta harritzekoa: akordio zabalak jende gutxi asebete du.
Nik ezer gutxi daukat gehitzeko eztabaidan. Euskalduna bai, baina ghettorik gabekoa izan dadila etorkizuneko eskola. Eta langile klase izateaz harro dagoena, otoi eta kopoi.