Tratu onaren aldeko konpromisoa
Ia hiru urteko prozesu kolektiboaren emaitza da Martuteneko haurren eta nerabeen tratu onaren aldeko tokiko plana. Auzoan antolaturiko Udaberri Festa baliatu dute egitasmoaren aurkezpen ofiziala egiteko.

Martuteneko tratu onaren aldeko planaren helburua auzoko haurren eta nerabeen ongizatea bermatzea da, «ingurune seguruetan hazi eta hezi ahal izan daitezen», eta tratu ona «auzoaren ezaugarri bat» izan dadin. Pasa den astean aurkeztu zuten Arantzazuko Ama ikastetxean, eta ekainaren 9ko Udaberri Festa koloretsuan.
Egitasmoa auzoko haurrekin eta nerabeekin elkarlanean landu dute, prozesu parte hartzaile baten bidez. HeziZerb elkarteak gidatu du prozesua Trenzas-Educo programaren laguntzarekin. «Plangintzaren garapena modu horizontalean eraiki da, auzotar, elkarte eta udaleko hainbat sailetako ordezkarien parte hartzearekin, baina bereziki haur eta nerabeekin batera», azaldu du HeziZerb elkarteko kide Iker Alustizak. Hainbat galdetegiren bidez, oinarrizko beharrak identifikatu, proposamenak bildu, kezkak kontrastatu eta horiei konponbidea jartzeko proposamenak zerrendatu dituztela gaineratu du Alustizak.
Tratu onaren aldeko tokiko planaren lanketa honen «ezaugarri eta arrakastetako bat», garapenean esku hartu duten askotariko eragileen elkarlana dela nabarmendu du Alustizak. Parte hartu dutenak dira Arantzazuko Ama ikastetxeko haurrak eta nerabeak, irakasle eta langileak, guraso elkartea, Sarroeta auzo elkartea, Donostiako Udaleko hainbat sail –Partaidetza, Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria– eta Donostia Kultura.
Zortzi ardatz
Tratu onaren aldeko planak zortzi ardatz ditu, eta bakoitzaren baitan hainbat jarduera eta neurri zehaztu dituzte. Hauek dira zortzi ildoak: haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko bitartekoak martxan jartzea; haur eta nerabeentzako sozializaziorako testuinguru seguruak bermatzea; tratu onerako kultura eta sentsibilizazioa sustatzea auzoan; gurasotasun positiboa gauzatzeko guraso eta zaintzaileen gaitze eta formazioa; haur eta nerabeak euren autobabesean ahalduntzea; behategi moduan arituko den auzoko eragileen mahai bat finkatzea; haur eta nerabeentzako arreta programak martxan jartzea; eta sareen eta Internet inguruko arriskuen prebentziorako jarduera zehatzen garapena.

‘Gure auzoan tratu on’ leloa duen horma irudia Martuteneko Udaberri Festan aurkeztu zuten. (Argazkia: Inaxio Esnaola)Inaxio Esnaola
Horma irudi kolektiboa
Pasa den astean, Gure auzoan tratu on leloa irakur daitekeen horma irudi koloretsua margotu zuten Arantzazuko Ama ikastetxeko pareta batean. Garikoitz C. Murua artistak gidaturiko proiektua da, eta modu parte hartzailean landu dute ia 40 lagunek eta lau gazte taldek. Ikastolako LH6 eta DBH1 mailetako gazteez gain, Gaztelekuko erabiltzaile talde batek eta Uba harrera etxeko beste talde batek parte hartu zuten margotze prozesuan.