Hirugarrenez jaso du makila
Eneko Goia jeltzalea Donostiako alkate izendatu dute gaur goizean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Era berean, 27 zinegotziko udalbatza osatu dute.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetatik hogei egunera osatu dute Donostiako Udalbatza. Gaur goizean egin dute alkatea izendatzeko ekitaldia jendez bete den udal batzar aretoan, eta ez da ezustekorik izan. EAJko Eneko Goiak hirugarrenez jaso du alkatearen makila, eta haren ama zenari eskaini dio. Udalbatzako 27 zinegotziek zin egin, eta euren kargua hartu dute.
Bozketan aldeko boto gehien jaso dituen alkategaia izan da Goia –bederatzi–, hautagaitza aurkeztu duen EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek baino bat gehiago –zortzi jaso ditu–. Hau da, alkatetza gehiengo osorik gabe eskuratu du. Gainerako zinegotziek boto zuria eman dute, tartean PSE-EEko udal taldeko bost kideek. Horrela ere, datozen egunetan jeltzaleek eta sozialistek gobernu akordioa egingo dutela aurreikusten da. Hau da, aurreko bi legegintzaldietako formula errepikatuko dute EAJk eta PSE-EEk, baina ikusteko dago nola banatuko dituzten zinegotzigoak eta ardurak.
Alkatea izendatzeko ekitaldia 10:30ak pasata hasi da, ohiko prozedurarekin. Lehenik eta behin, adin mahaia osatu dute, Juan Carlos Etxezarreta udal idazkariak gidatuta. Jorge Mota Iglesias (PP) zinegotzi helduena eta Izar Hernando Ibero (EH Bildu) zinegotzi gazteena arduratu dira udalbatzaren osaketaz. 27 zinegotzien agiriak egiaztatu dituzte, eta, ondoren, bakoitzak zin egin du. EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen zinegotziek “legeak behartuta” eman dute hitza, eta azken bi udal taldeetako ordezkariek “hiriaren alde” lan egingo dutela gaineratu dute.
Guztiek zin egin ondoren, Goiak eta Izagirrek soilik aurkeztu dute alkate izateko hautagaitza, eta bozketa sekretua egin dute zinegotziek. Aurrerago azaldu moduan, Goiak jaso ditu boto gehien, eta alkate izendatu dute. Txalo artean jaso du aginte makila Hernando zinegotzi gazteenaren eskutik.
Konpromisoak
Goia alkateak eta gainerako udal taldeetako bozeramaileek hitza hartu dute goizeko ekitaldian. Azkena hitz egiten, hirugarrenez alkate izendatu dute Goia bera izan da. Pozik eta harro agertu da makila jaso osteko hitzartzean. “Nere konpromisoa donostiarrak dira, eta zinez saiatuko naiz lan gogor eginaz konfiantza hori donostiarrei itzultzen”, adierazi du alkateak. Legealdiari begira jarrita, ondorengoa gaineratu du: “Urte garrantzitsuak ditugu aurretik, erronka handiz beteak. Gure helburua da Donostia bizitzeko, elkar bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Europako hiririk onena izatea”.
Juan Karlos Izagirrek ez du nahikoa boto lortu alkatetza eskuratzeko, baina gustura agertu da udal hauteskundeetan EH Bilduk jasotako babesarengatik. Horregatik, hautagaitza aurkeztea eravaki du: “Ez dugu gauzak aldatzeko borondaterik ikusten EAJren aldetik, Donostiak eskatu duen bezala. Gu gara bermea gauzak beste modu batean ez ezik, beste norabide batean egiteko”. Horiek horrela, herritarren mandatuari segituz lan egingo duela esan du Izagirrek.
Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak aurreratu du EAJrekin adosten ari diren gobernu akordioa gertu dagoela. Hain zuzen ere, Garmendiak eskua luzatu dio Goiari: “Donostiak gobernu orekatua eta plurala behar du, eta horretarako lanean ari gara”.
Borja Corominas PPko bozeramailea, berriz, kritiko agertu da EAJrekin, gobernua osatzeko eurekin hitz egin ez dutelako: “Garaiz zabiltza akordio bat lortzeko. Gure aldeko boto eman nahi genizun, baina ezin diogu baiezkorik eman ezerezari. Inertziaren akordioa egingo duzue sozialistekin”.
Victor Lasa Elkarrekin Podemosen bozeramailea aurrera begira jarri da hitzartzean: “Donostiaren oso garrantzitsua den legegintzaldi baten aurrean gaude. Hiria inflexio puntu batean dago, eta herritarren interesa ordezkatzeko konpromisoa hartzen dugu”. Abstentzio kritikoaren alde egin arren, legealdian udal taldeekin akordioak egiteko prest agertu da.