Plaza Berria berreskuratzeko proposamen publikoa aurkeztu dute
150 pertsonak sinatu dute Parte Zaharreko plazari izena aldatzeko adierazpena, eta jendaurrean aurkeztu dute.

300 urte bete ditu Plaza Berriak, egun Konstituzio Plaza deitzen denak. Iazko azaroan, Plaza Berria Berreskura Dezagun egitasmoa aurkeztu eta urteurrena ospatu zuten. Atzo, berriz, Plaza Berria jatorrizko izena berreskuratzeko proposamen publikoaren aurkezpena egin zuten. Leku berean elkartu ziren, udaletxe zaharraren arkupetan.
Ekitaldian 150 pertsonak sinaturiko adierazpena irakurri zuten. Jarraian, osorik irakur dezakezue:
Donostiarrei eta Donostiako Udalari, azpian sinatzen dugunok, proposamena egin nahi diegu. Egun Konstituzio Plaza deitzen dena jatorrizko izenera itzul dezagula: Plaza Berria.
Horrela deitu zen 1722an, orain 300 urte, eraiki zenean. Baina politikaren beroaldiak 1820. urtean Cadizko Konstituzioaren omenez Plaza de la Constitución izena jartzera bultzatu zituen agintariak. Herri xeheak lehengo lepotik jarraitu zuen, Plaza Berria deitzen. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi izen horri eutsi zitzaion. Horregatik, 1897. urtean, udalbatzarrak erabaki bitxia hartu zuen: plazaren izena gazteleraz Plaza de la Constitución izango zela eta euskaraz, Plaza Berria.
1936an frankistek berehala aldatu zioten izena berriro: Plaza del 18 de julio. Euskaraz ez zegoen aukerarik. Bertakoek La Custi esaten zioten. 1979. urtean berriro erabaki zen Plaza de la Constitución izena jartzea eta orain euskaraz ere Konstituzio Plaza, ez dakigularik zer Konstituzioari dagokion, 1812koari edo 1978koari.
Hiri eta herri askotan, Tolosan, Bilbon, Gasteizen, Sevillan… Plaza Berria edo Plaza Nueva izenak mantentzen dira, beste batzuetan Plaza Nagusia edo Plaza Mayor, politikaren haizeen arabera izen dantza antolatzeko arriskurik ez dagoelarik. Gure ustez, Alde Zaharraren bihotzean dagoen horrentzat Plaza Berria izen egokia da, tradiziozkoa eta inor baztertzen ez duena.
Horregatik, idatzi hau izenpetzen dugunok, gizabanakoak zein erakunde eta eragileok, ondorengoa proposatzen dugu:
- Plaza Berria (gaztelaniaz Plaza Nueva) izena ofizialki ematea leku honi. Guk izen horixe erabiliko dugu geure jarduera guztietan, plazari donostiarrek eman zioten izena behin betiko berreskuratuz.
- Dei egiten diegu honekin bat egiten duten donostiar guztiei era berean joka dezaten.
- Hori bera eskatzen diegu gainontzeko eragileei, eta, bereziki, komunikabideei, gure erabilera errespetuz har dezaten.
IRUTXULOKO HITZAk Plaza Berriaren inguruko erreportaje zabala argitaratu zuen iaz.