EAJ eta PSE-EE oraindik ez dira ados jarri
Negoziazioa behar baino gehiago luzatzen bada, Goiak behin-behineko zinegotzi ordezkariak izendatu ditzake
Eneko Goia alkateak larunbatean jaso zuen hirugarrenez aginte makila, eta atzo egin zuen legegintzaldiko lehen bilera EAJren udal taldeko hainbat ordezkarirekin. Jeltzaleek aurreko bi legealdietako gobernu akordioa lotu nahi dute PSE-EErekin, baina oraindik ez dira ados jarri. Horren berri eman zien Goiak harekin elkartu zirenei; Nekane Arzallus, Maria Jesus Idoeta, Martin Ibabe, Kerman Orbegozo eta Juan Ramon Viles zinegotziei eta Yon Goikoetxea alkatearen kabinete buruari.
Datozen egunetan berriz elkartuko dira bi alderdiak akordioa ixteko. Negoziazioa behar baino gehiago luzatzen bada, Goiak behin-behineko zinegotzi ordezkariak izendatu ditzake. Duela lau urte horrela egin zuen, eta behin-behinean zinegotzi jeltzaleek hartu zituzten sail desberdinetako zinegotzigoak. Gobernu akordioa lotzean, karguen behin betiko banaketa egingo lukete EAJren eta PSE-EEren artean.