«Herritarrek egin dute liburu hau, guk jaso besterik ez dugu egin»
Igeldo “herri bizia” izanagatik ere, bere historia inon gordeta ez zegoela pentsatzen zuen Jabier Iraola igeldoarrak. Duela bost urte inguru, baserriz baserri argazkiak biltzen hasi zen Iraola, eta lan horri jarraipena emanez ondu du, auzolanean, Igeldoko historia eta istoriak lan zabala: 1.000 argazkidun 560 orrialdeko liburua.
Argitalpenak bi zati ditu: lehen zatian, Igeldoko 119 etxe, baserri eta bertan bizi izandako familiei buruzko informazioa bildu da; bigarrenean, beste zenbait gai ageri dira: arrokak, eskola, gerra, harrobiak,iturriak, jai giroa, kirolak, ondarea eta beste hamaika kontu. Igeldoko Herri Kontseiluak euskaraz argitaratu du liburua Donostia Kulturak lagunduta eta salgai dago honez gero.
Iraolak argi du “herritarrik gabe liburu hau ez zela aterako”. Izan ere, “ahozko liburu bat dela kontatu du, baserriz baserri jasotako istorioek osatu dutelako Igeldoko historia liburu hau. Argazkiak biltzeko asmoz hasi bazen ere, azkar ohartu ziren harago joan behar zutela “motza geratuko ote zen beldurrez”. Lantaldea osatu, eta argazkiek gain, herriaren historia bildu dute.
Baserrien historiaz gain, herriaren bizitza saiatu dira islatzen: jaiak, kirolak, erlijioa… Aurkezpenean nabarmendu dutenez, 36ko gerrari leku berezia egin diote baita ere: “Igeldon, beste leku askotan bezala, tabu bat izan da urte askotan zehar 36ko Gerra”. Iraolak kontatzen duenez, beti uste izan du bi lagun hil zituztela gerran, baina ikerketa lan hau egin ostean hemezortzi izan zirela egiaztatu dute.
Gobada egitea
Igeldoko herritarren bizitza jasotzerakoan, Igeldoko langileen historia jasotzen da. Baserriko lanez gain, Igeldoko emakumeek zuten lan berezi bat ekarri dute liburura: gobada egitea. Emakumeak egunero jaisten ziren Donostiara astoan, berdurak saltzera. Orduan, hiriko dirudunen arropak eta maindireak hartzen zituzten, eta Igeldora igo, garbitzera.
“Uste genuen gutxi batzuek egiten zutela hori, baina jakin dugu ezetz, emakume gehienek egiten zutela gobada, eta herriaren sostengu ekonomiko handienetako bat zela”. Beste ogibide garrantzitsu bat izan ziren Igeldoko harrobiak. XII.mendetik 1984 urtera egon ziren harrobiak Igeldon, eta bertan egiten zuten lan herriko gizon askok eta askok. “Baldintza oso txarrak ziren eta gazte hiltzen ziren asko”.
Igeldoko harriaren garrantzia nabarmendu du Alex Aisa, lantaldeko kideak: “Donostiako udaletxe zaharra, Viktoria Eugenia eta Cortazar zabalguneko eraikin gehienak Igeldoko harriarekin eraikiak izan ziren”.
Ondarearen defentsa
Ondarearen garrantzia nabarmendu dute egileek, eta inguruan dugun arkitektura eta elementu urbanoak babesteko beharra ekarri dute gogora: “Ondarea galdu egiten da zaintzen ez bada”.
Memoria lan honi behar duen ibilbidea emateko, eta egindako lana ospatzeko, datorren igandean aurkeztuko dute Igeldoko plazan, goizeko 11:30ean.