Mikel Goti erdilaria fitxatu du Realak
Athletic utzi ostean, Realean ariko da Mikel Goti jokalari gaztea. Jakina zen talde txuri-urdinarekin sinatuko zuela, baina atzo arte ez zuten baieztatu. Gorlizko erdilariak 21 urte ditu eta 2025-2026 denboraldi bukaera bitarteko kontratua sinatu du. Bere garaian Alex Remirok egin moduan, Athleticekin kontratua berritu ordez Realarekin bat egitea erabaki du Gotik.
Denboraldiaurrea lehen taldearekin egingo du Gotik, eta uztailaren 3an Zubietan izango da gainerako jokalariekin batera. Dena dela, Reala Brekin ariko da datorren sasoian Sergio Francisco entrenatzailearen aginduetara.