34. Gazteen Antzerki Topaketako sariak banatu dituzte
Gazte mailako sarituak (Argazkia: Donostiako Udala) Joan den larunbatean, hilaren 17an, aurtengo Gazteen Antzerki Topaketaren sariak banatu zituzten Tabakalerako Kutxa Kultur plazan antolatutako ekitaldian. Sariak bi kategoria desberdinetan banatu ziren. Batetik, gazte mailakoak, 14 eta 18 urte bitartekoak, eta, bestetik, seniorrak, 18 eta 30 urte bitartekoak. Saridunek aukera izan dute beren obrak hiriko txoko desberdinetan aurkezteko maiatzaren 17tik ekainaren 16ra bitarte. Epaimahai lanetan Maria Redondo, Asier Burguete eta Miren Arrieta ibili dira, denak aktoreak.
Honako hauek izan dira aurtengo irabazleak: gazteen kategorian, obrarik onena Improshow-a izan da, talde artistikorik onena El jardin de Azu eta taularatze onena Bizi lagunak. Senior kategorian, berriz, obrarik onenaren saria Lisistrata obrak lortu du, talde artistiko onena Uda gau bateko ametsa obrarentzat izan da, eta taularatze onenarena La mujer sola obrarentzat. Antzezlanak Gipuzkoako antzerki talde desberdinek burutu dituzte ikasturtean zehar.

