«Urtean 4.000 tona Frankenstein haragi egingo dituen munduko laborategirik handiena egin nahi dute Donostian»
Eskusaitzeta industriagunean BioTech Foods enpresa eraikitzen ari den haragi sintetikoen laborategi erraldoiaren aurrean elkarretaratzea egin du EHNE sindikatuak, makroproiektua salatzeko. Garikoitz Nazabal EHNEko lehendakariak salatu du “isiltasunean eta gezurrean” oinarritutako proiektu bat da dela hau.
Nekazarien sindikatuak kezkaz bizi du egoera: “Neurtu gabeko inpaktu bat edukiko du gizarte osoan, herritarrengan eta sektorearengan. Urtean 4.000 tona Frankenstein haragi ekoitzi ditzakeen munduko laborategirik handiena planteatzen da”.
Nazabalen ustez, “ez da neurtzen zer ondorio” izan ditzakeen honelako enpresa erraldoi bat sortzeak. “Gure elikadura multinazionalen esku uzteko proiektuak dira honakoak, patenteak esku pribatuetan utziz, herria elikadura burujabetzara eraman beharrean”.
Elkarretaratzean salatu dutenez, “euskal enpresa baten izenarekin tapatzen ari den hau, mundu mailako haragi enpresa handienaren babesarekin ari da”. Izan ere, El Salto-k argitaratu duenez, Brasilgo JBS multinazionala da Biotech Foods enpresaren jabea, akzioen %51rekin. Azalera eman dituzte, gainera, enpresa honek Brasilgo ustelekeria kasuekin eta Amazonasen deforestazioarekin duen harremana.
“Isiltasuna da proiektu honen atzean dagoen gakoetako bat: Herria eta herritarrak ez dira enteratzen ari zer ari den gertatzen, proiektuarekin berarekin, eta are gutxiago suposatu dezakeenarekin”, salatu du Nazabalek. Gainera hainbat gezur zabaltzen ari direla uste dute: “Abeltzaintza baina sostengarriagoa dela diote. Inondik inora ez da horrela, hori gezurra da. Abeltzaintzak baino 25 aldiz CO2 gehiago kutsatuko dutela laborategiek”.