Mexikoren zati bat, Egian
Umore ona eta zapore biziak. Topikoak diruditenak errealitate dira Egiako Doña Chepina jatetxe mexikarrean. Betsy Trejok ireki zuen duela hilabete gutxi batzuk, eta gauero bete-beteta egoten da.
Zeure herria, zeure sustraiak faltan hartzeko modu ugari daude. Munduan zehar dauden mexikar gehienek bat egiten dute: janaria botatzen dute faltan. Europan badago, baina «ez da berdina», dio Betsy Trejok (Mexiko D.F., 1995). Berak ireki du Egiako Doña Chepina jatetxe mexikar arrakastatsua.
Euskal Herrira etorri zen 20 urte zituela, eta «izugarri» botatzen zuen faltan bere herriko janaria. 2020an, Mexikora egindako bidaia batean, interesa piztu, eta hiru hilabetez egon zen kozinatzen ikasten. «Pandemia betean geunden, eta kaleko lokalak itxita zeudenez, guk geuk egin behar genuen etxean». Amarekin eta ahizparekin ikasi zuen kozinatzen. «Igandean etorriko da nire ahizpa, eta gurekin hasiko da lanean hemen. Orain arte sukaldea ondo egon bada, zer esanik ez orain! Dohain kabroi bat du».
Euskal Herrira itzultzerakoan, bertan ikasitakoa praktikan jartzen saiatu zen, baita ordezkoak asmatzen ere: «Piperrekin, adibidez, denetarik probatu nuen, Ezpeletako piperrarekin, adibidez. Baina ez nuen zapore bera lortzen».
2021ean, berriz ere Mexikora joan zen, eta ordurako, «beste begi batzuekin» begiratzen zuen guztia. Lagunekin elkartzerakoan, baldintza bat jartzen zien denei: «Eraman nazazu zure kaleko postu gogokoenera». Honela, herrialdea zeharkatzen ibili zen, halako kaleko «janari tour» bat egiten, sukaldarien plateren sekretuak deskubritu asmoz. Noski, sukalde bakoitzak bere trikimailua, eta bere sekretua. Ez zizkioten aise erakutsiko truko guztiak. Edonola ere, ordura arte ikasi gabeko trukoak ikasi zituen,
Mexikora, takoen sekretu bila
Hasieran soilik arto-irin tortillak egin nahi zituen. Makina bat ekarri zuen Donostiara, eta etxean aritzen zen. Lagun batzuen lokutorioak urtebete egin zuela eta, 100 bat prestatu zituen bertarako. Txartel batzuk egin zituen, eta hurrengo egunean bertan, jendea enkarguak egiten hasi zen: «Hor ikusi nuen banuela arrakastarako aukera».
Lokalak bilatzen hasi zen orduan. Tortillak egiteko behar zituen baldintzak ikusita sukaldea, ke irteera…, jatetxe baten baldintza berberak eskatzen zizkiotela ikusi zuen. Grosen, Antiguan, Erdialdean, Amaran… Auzoz auzo ibili zen lokal bila, baina ezinezkoa zitzaion: «Eromen bat da Donostian lokala bilatzea!». Jada esperantzarik ez zuenean agertu zen Egiako lokala: «Egian bizi izan nintzen —tira, Donostiako auzo guztietan bizi izan naiz [barrez]—, eta asko gustatzen zait. Oraindik auzo izaera handia du».
Uranzia taberna zenaren jabea mutil gazte bat da. Kasualitatez, Mexikon bizi izan zen, eta Trejorekin harremanetan jarri zenean, «munduko erraztasun guztiak» jarri zizkion lokala irekitzeko: «Beragatik ez balitz, ezingo nuke sekula ireki horrelako lokalik».
«Nola txingada egin nuen? Bada, ez dakit, baina lortu genuen!», dio harro. Izan ere, hasiera ez zen batere erraza izan: «Karinak montatzen zituen takoak. Baina ni beste lanean nengoen eta eromena zen: goizeko zazpietan etortzen nintzen kozinatzera, hamarretan nire lanera nindoan, ordu bitan itzultzen nintzen bazkariak ematera eta kozinatzen jarraitzera, lanera itzultzen nintzen seiak arte, tartetxo bat libre banuen gimnasiora nindoan, eta gauean zerbitzari nenbilen hemen… Ez dakit nola aguantatu nuen!».
Europa, «idealizatuta»
Ikastera etorri, eta gauza bat zela eta bestea zela, hemen gelditzea erabaki zuen Trejok. Onartzen duenez, hasieran, «Europa oso idealizatuta» zuen, «gehiegi». Urte bete eskas iraun zion idealizazioak. «Ikusten duzu, leku guztietan bezala, hemen ere badirela argi-ilunak».
Horrek kontzientzia soziala handitzea eragin zion eta, orain arte, hainbat kolektibotan aritu da hirian, SOS Arrazakerian, Kaleko Afari Solidarioetan eta mugimendu feministan, esaterako. Bere ametsa da jatetxearekin ekarpena egin ahal izatea beste egitasmo eta errealitateei. «Nik hau ireki nuen, Mexikoren zatitxo bat erakusteko donostiarrei; ez dut aberasteko inongo asmorik». Oraindik goiz den arren, proiektuaren alderdi soziala garatzen saiatuko da datozen hilabeteetan.
Ama, Doña Chepina
Tabernaren izena da proiektuaren hasieratik argi zegoen gauzetako bat. Trejoren ama da Doña Chepina: «Gure amaren izena izan behar zuela oso argi nuen, sukaldean erreferente bat izan delako, niretzat eta nire inguruarentzat».
Orain, alzheimer zantzuak dituela eta, Donostian bizi da, eta Trejo arduratzen da bere zaintzaz. Kontatzen duenez, bertako zaporeek laguntzen diote bere herriaz gogoratzen. Eta, noski, bere ekarpenak oso kontuan dituztela! Ama baten iritzia bezalakorik ez dagoelako. Eta hori mundu osoan da berdina.