Ttonttorroren zain daude dagoeneko
Igeldoko San Pedro jaiak hasiko dituzte gaur San Joan bezperako suarekin. Kirol jardueren asteburua dute aurretik, Ttonttorro iritsi bitarte. Hori datorren asteko ostegunean, hilaren 29an, izango da.
Jaiak antolatzea ez da kontu erraza. Igeldoko Ttonttorro jai batzordeak aurten gauzak beste modu batera egitea erabaki du. Orain arte bost edo sei lagunen artean antolatzen zituzten San Pedro jaietako jarduera guztiak. Ordea, lan taldeak sortu dituzte festen antolakuntza hobetzeko eta errazteko.
«Antolaketa eredua aldatu ondoren, kostatzen ari zaigun arren, aberasgarria izango da guztiontzako», adierazi du Aratz Urruzmendi jai batzordeko kideak. Gaur hasi eta uztailaren 2ra bitarteko «ohiko» egitaraua prestatu dute, herritarrek estimatzen dituzten jarduerak nabarmenduta. San Joan sua izan ohi da San Pedro jaiei hasiera ematen diena, eta plazan piztuko dute 22:00etan.
Lehen asteburua, berriz, korrika batean igaroko dute Igeldokoek. Bihar laugarrenez egingo dute haurren krosa, 11:00etatik aurrera. «Gero eta arrakastatsuagoa da, eta aurten ere haur askok parte hartzea espero dugu», nabarmendu du Urruzmendik. Arratsaldean, berriz, Igeldoko 41. igoera herrikoia egingo dute. Ondarretatik abiatu eta Mendizorrotzera igo beharko dira lasterkariak. Zazpi kilometro gogor gainditu beharko dituzte, 18:00etan hasita.
Etzi, arrantza lehiaketaren eta pala txapelketako finalen txanda izango da. Horrekin batera, Jabier Iraolak Igeldoko historia eta istoriak liburua aurkeztuko du, 12:00etan.
Ostegunetik aurrera
Igeldoko jaiak ofizialki San Pedro egunean hasten dira, ekainaren 29an. Hain zuzen ere, datorren asteko ostegunean igoko da Ttonttorro Igeldora, 12:00etan. «Ostegunekoa nahiko egitarau klasikoa da, eta oso estimatua herrian. Ostiralean, berriz, haur eta gazteentzako jarduerak antolatu ditugu, familia giroan ospatzeko. Dena dela, larunbata izango da egun garrantzitsuena, oliba jaitsieraren txapelketa, herri bazkaria eta Umore Horia izango ditugulako», azaldu du Urruzmendik.
Uztailaren 2an, festen azken egunean, Igeldora igotzeko bideak itxita egongo dira Frantziako Tourrarengatik. Horrela ere, jaietara hurbildu nahi duten herritarrei bidea erraztuko dietela ohartarazi nahi izan du Urruzmendik.