Herri bazkari ederra egin dute Oletako sanjoanetan
San Joan jaietako bigarren eguna dute Oletan, eta herri bazkari bat egin dute eguerdian, elkarrekin paella jateko. Agertokian muntatu dute sukaldea, eta hainbat sukaldari aritu dira auzotarrentzako arroza prestatzen. Bitartean, auzotarrek mahaiak jarri dituzte txosnaren aurrean. Ezinbestean, itzala ziurtatzeko toldoak ere jarri dituzte, bero handia baitzegoen eguerdian.
Goizean, puzgarriak jarri dituzte haurrentzat, eta 13:30ean, XII. Patata tortilla lehiaketa egin dute. Bazkalostean, puzgarriak izango dira berriro ere, eta helduak musean aritu ahal izango dira.
19:00etan, herri sardina jana egingo dute, eta dantzaldia ere izango da Konpartsa Gurea elkartearen eskutik. Gauean, berbena, zezen suzkoa eta dantza lehiaketa izango dira Oletan.
Bihar amaituko dira Oletako sanjoanak, baina oraindik ekitaldi asko dituzte aurretik. Esteka honetan ikus dezakezue egitaraua.