«Gipuzkoako Itzulian etapa bat lehiatzea zen denboraldi hasierako asmoa»
Hilabetea borobildu du Aimar Alarciak (Erdialdea, 2005). Donostialdea Bizikletaneko txirrindulariak Gipuzkoako txapelketa ez ezik, Gipuzkoako Itzuliko etapa bat eta tarteko helmugen sailkapena ere irabazi berri ditu. Igandean, Espainiako gazte mailako txapelketan izango da, eta primizian aurreratu du datorren sasoian Eulen-Nuuk taldearekin ariko dela afizionatu mailan.
Ez duzu berehalakoan ahaztuko atzo bukatu zen Gipuzkoako Itzulia. Gustura zaude lorturikoarekin?
Oso pozik nago egindako itzuliarekin. Batez ere, Donostialdea Bizikletanentzat oso garrantzitsua delako Gipuzkoako Itzuliko etapa bat eta tarteko helmugen maillota irabaztea. Gipuzkoako Itzulian etapa bat lehiatzea zen denboraldi hasierako asmoa. Itzulia baino bi aste lehenago, maila onean ari nintzela ikusita, helburua aldatu eta sailkapen nagusia lehiatzea erabaki nuen. Lehen etapan, ordea, tarteko helmugetan dena eman ondoren, lehertu egin nintzen azken mendatean. Ondorioz, buruan nuen asmoa hura berriz aldatu behar izan nuen. Hau da, etapa bat irabazteko helburua berreskuratu nuen, eta baita lortu ere. Igandean sekulako etapa eginda irabazi nuen.
Andoaingo bigarren etapan altxatu zenituen besoak. Nolakoa izan zen lasterketa, eta zeintzuk izan ziren gakoak garaipena eskuratzeko?
Larunbateko etaparen ondoren, nahiko lur jota geratu nintzen. Txipa aldatu eta tarteko helmugak lehiatzeko asmoarekin atera nintzen bigarren etapan. Horretarako, ezinbestekoa zen ihesaldian sartzea, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Ihesaldian Tasio [Senperena] taldekidea eta biok sartu ginen, eta tarteko hiru helmugetan batu nituen puntuak. Maillota ziurtatzean, indarrak gordetzeko esan zidaten. Izan ere, Xoxoka igo behar genuen, eta tropelak erritmo bizian igoko zuela bagenekien. Xoxokara iritsi baino lehen, Tasiok lan paregabea egin zuen tropelarekiko aldea mantentzeko. Mendatearen atarian utzi ninduen iheskideekin, eta kronoigoera moduko bat egin nuen goraino. Gainerakoak ez zidaten erreleborik eman nahi, eta orduan pentsatu nuen helmugara bidean esprintatuko niela. Horrela izan zen, eta esprinta irabazi nien.
Gainera, Gipuzkoako gazte mailako txapeldunaren maillotarekin irabazi zenuen. Ekainaren 11n lortu zenuen titulua Anoetan. Denboraldiko momentu onenean zaude?
Bai, horrela da. Denboraldi txukuna eta erregularra daramat, egun bakarreko lasterketa gehienetan zortzi onenen artean aritu naizelako. Errematatzea falta izan zait, podiumen bat lortzea. Horregatik, Anoetako lasterketa berezia izan zen, Gipuzkoako Txapelketa ere bazelako. Merezi nuen garaipena dela uste dut, eta oso momentu polita izan zen. Baita Andoaingoa ere, etxetik gertu irabaztea garrantzitsua zelako. Ekainera sasoi puntu onean iritsi naiz, zehazturiko helburu batzuk betetzeko. Esaterako, Gipuzkoako erlojupeko txapelketa. Bosgarren egin nuen, eta ondo aritu banintzen ere, emaitza hobea espero nuen.
Zer falta izan zaizu garaipenetik gertu izan zaren lasterketa horietan?
Buruak huts egin didala uste dut, benetan sinestea irabazi nezakeela edo podiuma lortzeko aukera nuela. Oso pozik nengoen emaitzekin, baina beti falta izan zait zerbait podiuma egin edo irabazteko. Asko gustatzen zait ihesaldietan sartzea, nire korritzeko modua da. Ez dut gustuko tropelean joatea eta azken mendatean erasoa jotzea. Horrela korritu dut denboraldi hasieratik. Momentuak dira, batzuetan emaitzak iristen dira eta beste batzuetan ez.
Errepideko txapela ez ezik, erlojuaren aurkako taldekako Gipuzkoako Txapelketa ere eskuratu zenuen Donostialdea Bizikletanekin.
Bai, txikitatik erlojupekoak asko gustatzen zaizkit. Oso garrantzitsuak dira itzulietan, denbora gehiegi ez galtzeko. Taldekakoa oso ondo atera zitzaigun, eta bakarkakoan ere maila ona eman nahi nuen. Aizarnazabalera hainbatetan joan nintzen erlojupekoa prestatzera, baina ez nuen denbora onik lortzen. Txapelketaren egunean, iaz baino minutu bat azkarrago egin nuen ibilbidea, baina ez zen nahikoa izan podiumean sartzeko. Horrela ere, pozik geratu nintzen dena eta denbora jaistea lortu nuelako.
Gazte mailako bigarren urtean hobeto ibiltzeko helburua jarri zenion zeure buruari. Eta dagoeneko lortu duzula esan daiteke?
Kimua nintzela hasi nintzen txirrindularitzan Donostialde Bizikletan txirrindularitza eskolan. Lehen urte horietan asko kostatzen zitzaidan ondo ibiltzea. Aurreko urtean ez nuen ondo pasa denboraldi erdira arte. Asko kostatzen zitzaidan erritmoari eustea, eta txirrindularitza uztekotan izan nintzen. Baina buelta eman nion, eta bi podiumekin bukatu nuen denboraldia. Horrek motibazioa eman zidan denboraldiaurrea prestatzeko eta ondo entrenatzeko. Aurten, jauzi bat eman dut. Iaz minutu bat ateratzen zidatenen parean nago, eta horrek motibazioa ematen dizu ondo entrenatzeko. Aurtengo helburuak bete ditut. Euskadiko selekzioarekin Espainiako txapelketa lehiatzea zen nire beste nahietako bat, eta bete ahal izango dut.
Asteburuan jokatuko dira Espainiako gazte mailako txapelketak Cartagenan (Espainia), eta errepideko lasterketan izango zara, igandean. Yago Agirre taldekide ohiak iaz lorturiko garaipena presente izango duzu.
Aurreko urtekoa oso polita izan zen guztiontzat. Oso gutxik espero genuen gertaturikoa, baina konfiantza genuen Agirrerengan. Aurten ni joango naiz, eta denok dugu aukera irabazteko. Puntu onean eta motibatuta joango naiz. Azken batean, hautatzaileak esaten duena egingo dugu. Lan egitea tokatzen bazait, arazorik gabe egingo dut. Aldiz, ihesaldietan sartzen uzten badit, ahalik eta onena ematen saiatuko naiz. Garaipena lortzen badut ondo, eta taldekide batek lortzen badu ere, oso ondo.
Ibilbidea aproposa da zuretzat?
Oso luzea da, 140 kilometro ditu. Bi mendate hiru aldiz igo beharko ditugu. Bat gogorra da, eta bestea lauagoa. Uste dut ibilbide egokia dela niretzat. Bero asko egingo du, baina beroa denontzako izango da.
Aurrera begira, zein beste lasterketa izango dituzu?
Uztaila erdialdean, Gipuzkoako selekzioa Tour du Valromeyra doa, eta hautatzen banaute, han izango naiz. Bestela, Bizkaiko Itzulia egingo dut taldearekin. Uztaila bukaeran, berriz, Iruñeko Itzulia izango dugu. Iaz oso gustura geratu nintzen, sentsazio onak izan nituelako. Ibilbidea perfektua da niretzat, eta emaitza hobetzen saiatuko naiz. Egia esan, Nafarroako lasterketak asko gustatzen zaizkit.
Donostialdea Bizikletan txirrindularitza eskola aipatu duzu lehen, eta bukatzear da haiekin txikitatik egin duzun ibilbidea.
Asko zor diet, esan moduan, txikitatik talde honetan hazi eta hezi naizelako. Gauzak ondo egiten ari dira, urtez urtez, txirrindulari onak sortzen direlako eskolaren harrobitik. Zerbait handiagoa eta garrantzitsua izatera iritsiko da kluba. Zortzi bat urte daramatzat beraiekin, eta jende asko ezagutu dut urte hauetan guztietan. Harreman oso onak egin ditu ziklista eta teknikari askorekin. Oraindik denboraldia ez da bukatu, eta taldearen alde dena emango dugu.
Bukatzeko, afizionatu mailara emango duzu jauzia datorren sasoian?
Bada bai, eta dagoeneko sinatu dut talde batekin. Zarauzko Eulen-Nuuk taldearekin ariko naiz afizionatu mailan. Denboraldiaurrean deitu zidaten beraiekin entrenatzeko, eta erakutsi didaten konfiantzarekin oso pozik nago. Bestalde, ikasketak ondo daramatzat, eta ziklismoan jarraituko dudanez Administrazio Zuzenbideko ikasketak eta txirrindularitza uztartuko ditut.
Nire ametsetako bat profesionaletara iristea da, baina horretarako argi daukat afizionatu mailatik pasa behar naizela. Juan Ayuso eta horrelakoek min asko egin dute. Badirudi denok horrelakoak izan behar garela, eta gazte mailatik profesionaletarako jauzia eman behar dugula. Ni prest nago afizionatu mailan aritzeko, beste urrats bat egin dezakedalako. Ikasten eta trebatzen jarraitzeko gogotsu nago.