Antiguako frontoiaren harmaila berritzeko lanak irailean hasiko dituzte
Donostiako Udalak Antiguako pilotalekuaren harmaila berritzeko lanak adjudikatu dizkio Echaide eraikuntza enpresari. 482.795,46 eurokoa da aurrekontua eta hamabi asteko epea ezarri dute obra bukatzeko. Donostia Kirolaren arabera, irailean hasiko dituzte lanak. 2021eko aurrekontu parte hartzaileetan boto gehien jaso zituen proiektua da.
Harmaila iraunkor berri bat eraikiko dute, egungoa ordezkatzeko. Pilota partidak publikoarekin antolatzeko erraztasunak ematea da helburua. 259 eserleku izango ditu harmaila berrituak. Egungoak hormigoizko lau maila ditu, eta beste sei maila jartzeko aukera dago sistema erretraktil baten bidez. Hain zuzen ere, ireki eta itxi daitekeen harmaila hori kenduko dute finko bat jartzeko.
Bestalde, harmailen azpian hainbat objektu biltegiratzeko sarbide mugatuko espazio bat jarriko dute, eta Alfonso XIII.a plazatik Mikel Laboa plazaren aurrealdera dagoen pilotalekurako egungo alboko sarbidea lekuz aldatuko dute.