Tokiko Gobernu Batzordearen lehen erabakiak
Atotxarrekako mikrobus zerbitzu berria eta Illunbeko doako autobusaren zerbitzua onartu dituzte, besteak beste.
Gaur goizean, Donostiako Udaleko behin-behineko Tokiko Gobernu Batzordearen lehen bilera egin dute udaletxean. Eneko Goia alkateak pasa den ostiralean izendatu zuen batzordea, eta harekin batera, EAJko bost zinegotzik osatzen dute: Nekane Arzallus, Kerman Orbegozo, Juanra Viles, Martin Ibabe eta Maria Jesus Idoeta.
Premiazko erabakiak hartzeko izendatu du Goiak batzordea. Horrela, hainbat dira gaurko bileran adosturiko gaiak: Atotxarrekako mikrobus zerbitzu berria, Illunbeko doako autobus zerbitzua –uztailaren 8an martxan jarriko dute–, eta kontratazio publikoetarako mahaiaren eraketa. Kontratazio mahaiari dagokionez, Kerman Orbegozo izendatu dute presidente, eta bera arduratuko da obren eta zerbitzuen kontratuak sinatzeaz.