Convent Garden handitzeko urratsak egiten ari direla berretsi du Ancorak
Azken egunotan zeresana ematen ari da Erdialdeko Convent Garden eraikina. Ancora ondarearen babeserako elkarteak ohartarazi du jabeek Convent Gardenen ostatu eskaintza handitu nahi dutela. Donostiako Udalak, berriz, aukera hori gezurtatu eta eraikina handitzeko lizentziarik ez duela emango adierazi du. Aldiz, onartu duten xehetasun azterketa Convent Gardenen eremu batzuk “erregularizatzeko” dela azaldu dute. Ancora, ordea, ez dago konforme udalak emandako azalpenekin.
“Udalak onarturiko xehetasun azterketa ez da soilik terraza legeztatzeko. Basqueland enpresak sustaturiko hirigintza txostenak eraikina handitzea aurreikusten du. HAPOk ematen dion eraikigarritasuna gauzatzeko behar diren lerrokaduren eta sestren antolamendu xehatua jasotzen du”, nabarmendu du Ancorak. Horretarako, “kotak adierazten dituzten zenbait plano” gehitu dituztela diote, “eraikin historikoa handitu nahi denean lortzen den aprobetxamendua kuantifikatuz –2.570 metro koadro gehiago–”. Hain zuzen ere, 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak aurreikusten du eraikinari lau jasodura eranstea eta sestra azpiko hiru solairuko aparkaleku bat eraikitzea.
Xehetasun azterketak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziarekin (EHOBPB) talka egiten duela dio Ancorak. “Jasodura horiek egiteko, erlaitzaren gainean dagoen koroatze elementua kendu behar da: harlanduzko harrizko balaustrada bat, 1904. urtekoa, fitxan babestuta dagoena elementu iraunkor gisa. Era berean, ezin da tenpluaren burualdeko horma suntsitu, kaltetu edo ezkutatu”.
Udalak hedabide honi adierazi dio Convent Gardenen hotel erabilera ezin dela handitu, HAPOaren moldaketak hori galarazten duelako. Horrela ere, Ancorak berretsi du udalak urratsak egiten ari dela “etorkizun hurbilean” eraikina handitzeko.
Komentua izandakoa
Convent Garden eraikina Erreparazioko Amaren komentua izan zen (1905-2015). Ramon Cortazar arkitektoak diseinatu zuen, eta hiriko eraikin historikoetako bat da. Convent Gardenen eskaintza askotarikoa da. Eraikinaren barruan dago kokatuta A Room in the City ostatua –220 ohe ditu–. Hain zuzen ere, ostatu erabilera areagotzeko handitu nahi dute eraikina.
Bestalde, terraza bat dauka –150 pertsonako edukierarekin–, Cripta izeneko gunea –180 pertsonako edukiera duen aretoa eta diskoteka–, Manterola aretoa –150 pertsonako edukiera du–, Easo aretoa –50 pertsonako edukiera du–, eta zabaltza bat –150 pertsonako edukiera du–.