E28 jendetsua Donostian, transmaribollo komunitatea elikatzeko eta sistemaren kontra egiteko
Manifestazio jendetsua antolatu dute Ekainaren 28an Donostian, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Donostiako asanblada transbollomarikak, Gehituk eta EHGAMek antolatuta, kaleak banderaz eta kolorez bete dira, eta, batez ere, aldarrikapenez.
Irakurri duten manifestuan “kezka” adierazi zuten LGTBIQ+ kolektiboko kideek jasotzen dituzten erasoekin, eraso “transfobo, homofobo, lesbofobo, arrazista, kapazitista, lodifobo eta putofoboekin”.
“Ez gara araura egokitzera datorren jendea, ez gatoz gure bizitzak bizigarri egiteko baimenaren eta onarpenaren bila”, adierazi dute. “Bazterreko gara, eta ez dugu hala izateari uzteko asmorik. Donostia hiri eskaparate bilakatu nahi duzuenoi argi esan nahi dizuegu hemen gaudela, eta hemen geratzeko asmoa dugula, Infernuan, Villabonan, Cuesta del culon, hondartzan eta auzoetan”. Argi esan dute: “Izorratzen zaituzte baina… utz gaitzazue bakean, gu ere bagara Donostia”.
Martxoan hil zen Mikel Martin Conde ‘Mikela’ ekintzailea izan dute gogoan, bera izan baitzen Donostian lehen harrotasun egunaren antolatzaileetako bat. “Mikel Conde Gustatuko litzaiguke esatea ordutik gauzak asko aldatu direla, eta hala da bai, baina aldi berean gure bizitzen eta bizimoduen harira jasaten ditugun irain, mespretxu, eraso eta abarrek hor segitzen dute. Formak eta ereduak aldatu dira, baina sistema heteropatriarkala etsai, beti etsai”. Mikelaren omenez banderak indarrez astintzeko deia egin zuten, “dagoen lekuan dagoela Mikelari muxu handi bat bidaltzeko”.
Amaitzeko, borrokarako deia zabaldu dute LGTBIQ+ komunitateko kideentzat: “Transmaribollo hori: ez zaitu inork salbatuko, baina ez zaude bakarrik. Beraz, antolakuntza eta borrokarako aldarria eta eskaintza luzatzen dizugu. Parte hartu eta elikatu komunitate transmaribolloa, ez gaitzala sistemak jan, eta jar ditzagun Denon bizitzak erdigunean, transfeminismoak egingo baikaitu aske”.