Igo da Ttonttorro, hasi dira Igeldoko festak!
Gaur eguerdian igo dute, urteroko legez, Ttonttorro astoa Igeldoko plaza erdira, San Pedro jaiei hasiera emanez. Azken egunotan hainbat jarduera hasi badituzte ere, San Pedro egunez hasten dira jaiak Igeldon.
Haurrek txupinazoaren aurretik hasi dute jaia, apar festan jolasean eta dantzan. Ttonttorro igo aurretik ondo lehortu, arropak aldatu, eta plazan lekua hartu dute, astokiloaren igoera ez galtzeko.
Txupina bota aurretik, nekazaritza kooperatibakoek hartu dute hitza, haiek arduratu direlako suziria botatzeaz. Eskerrak eman dizkiete igeldotarrei eta jai seguruak aldarrikatu dituzte, eraso sexista, arrazista eta homofoborik gabeko jai seguruak eskatuz.
Kooperatibaren historia eta balioei errepaso eginda, auzolanaren garrantzia nabarmendu dute; kooperatibak nola, Igeldoko jaiek ere, auzolana dutela oinarri aldarrikatu dute, eta boluntario eta herritarrei bide horretan jarraitzera animatu diete.
Igandera bitarte luzatuko dira jaiak, eta hemen duzu egitaraua osorik.